Itsasadarrari edo ur gazia duen ibai zatiari esaten diogu “errioa” (ahoz “erridxua” edo “erriyua”) Zumaian eta beste herri batzuetan. Elhuyar Hiztegian eta Euskaltzaindiaren Hiztegian beste adiera zabalago bat ere ematen diote: ibaia.
Iñaki Sanz-Azkue biologoak horri buruz galdetu zuen X sarean jarritako txio batean. Izan ere, barrualdeko herri batzuetan ere erabiltzen dute “errio”. Iñakik esandakoaren arabera, Urumea bailaran ur ibilgu zabalari errioa (erriyua=ibaia) deitzen diote bertako helduenek; txikiagoei "errekak" eta oraindik eta txikiagoak direnei "errekastoak". Hala ere, txioaren erantzunetan ikusten da kostaldeko herrietan itsasoko ura iristen den zatiari deitu ohi zaiola “errio”. Esaterako, Aginagako Errioko jarduerak eta bertako hiztegia liburuan horrela jasota dago:
- Erriyo (errio): itsasoko mareak sartzen diren ibaiak. Agiñakua erriyu’ek; eztek ibaia: earki asko jotze’ik mariagora ta beera, ta earki asko etortze’ttuk itxasoko tirañak’e.
Zumaian “errio” asko erabiltzen den frogatzeko, ariketatxo bat egin dugu: Baleike.eus gunean bilatzailean sartu eta 178 aipamen agertu zaizkigu. Duela gutxi Jose Ramon, Manolo eta Juan Zubia anaiekin hitz egin dugu, eta haiek ere ibaiaren zati gaziari esaten diote “errio”. Arrantzan asko arituak dira, “txalupan eta erridxuan” gehiena. Lupiak harrapatzeko, adibidez, “kazian” edo “xaxian” aritzen ziren: txalupa martxan eta aparejuak botata, ixkirekin.
Begoña Ostolazak ahotsak.eus webgunean kontatu zuenez, familiakoak askotan ibiltzen ziren “erridxuan”: bateltxoa hartuta batzuetan, eta “iregian” ere bai. Korronteak ondo ezagutzen dituzte, eta badakit noiz eta non bainatu, aldeko indarra aprobetxatzeko. Hala ere, orain itsasontzien joan-etorri handia dago, eta kontuz ibili behar omen da.