Lapikoak eta bestelako ontziak garbitzeko erabiltzen den traputxo latzari esaten diogu “espartzua” Zumaian eta beste herri askotan. Landare baten izena da “espartzua”, eta haren hostoetatik lortutako zuntzarekin egiten dira sokak, saskiak, abarketen zolak... Maria Antonia Goikoetxeak esan digu garai batean espartzuzko trapu zati batekin garbitzen zirela ontziak, eta izenari eutsi zaiola, gerora beste material batekoak izanda ere.
Zestoako eta Eibar inguruko adibide hauek bildu ditugu:
- Espartzua ta trapu bustiyakin garbiuber. (Zestoarren erretolika)
- Espartzua eta hariakin ondo igurtzitta biharko dozu garbittu ontzi hori. (Eibar aldeko hiztegia)
- Ala, artu espartzua ta fregaua eittera. (Bergara aldeko hiztegia)
- Arenaketia, bai, bota arenia ta espartzua, da ra-ra ,ta gero haura altzau ein bi’ozu, da, gaiñera. (Elgoibarko ahozko hizkera)
Euskararen Herri Hizkeren Atlasean jaso zituzten antzeko beste izen asko, baina badirudi bestelako oihalez egindakoak ere badaudela tartean, beste gauza batzuk garbitzeko erabiltzen direnak: estropaju, mustretxa, moltso, trapu, zatar, mutxukin, mustuk(a), marra(t)s, sorki, arpillera, piltzar, oihal, buxade, arrikosapi, espuntxet, estera, txarpa, xifu...
Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).