Zumaiako hitz bereziak: ARPILLERA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko mai. 24a, 07:15

Saretutako trapu zaharrak erabiltzen ziren gehienbat lehen; koloretako arpillera dotoreak saltzen dituzte orain (argazkia: temu.com).

Garbiketa lanetarako lagungarri bat ekarri dugu aste honetan ere. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Mahaiak eta beste gain batzuk garbitzeko erabiltzen den trapuari esaten diogu “arpillera” Zumaian eta beste herri batzuetan. Iztupazko zaku-oihal edo jute-oihala da berez “arpillera”, eta garai batean horren zatiak busti eta erabiltzen zirelako deituko zitzaion trapuari ere berdin. Gaztelaniaz ere “arpillera” deitzen zaio iztupa zatiari, baina garbiketarako trapuari deitzeko ezagunagoak dira “bayeta” eta “gamuza”.

Maria Antonia Goikoetxeak esan digu “eskutrapua” ere esaten zaiola, segun eta nolakoa den. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ikusi dugunez, Lemoizen ere erabiltzen dute “arpillera” trapuari deitzeko, eta “espartzua”-ren mapan ikusitako batzuk errepikatzen dira beste honetan ere: xarpa, sorki, trapu, piltzar, oihal, zatar, zapi, bayeta, mantar, pañu, mustuka, xukader, xifu, eskusikitzeko, multzo, perrek, turxuña, zerbita, ziriko...

Antzuolan ere esaten dute, Bergara aldeko hiztegian ikusi dugunez: Artuizu arpilleria eskillaria garbitzeko. Jokin Urain idazle mendaroarrak ere erabili zuen Errotarria liburuan:

  • Belaunetako hauen gainean belauniko, baldekada urak hartuta, arpillera zatiak eskuetan, 70x50 metro inguruko patioa garbitu behar zenuen.

Beste lekukotza batzuk ere badaude ahotsak.eus webgunean: arpillera edo zaku-oihala erabiltzen zutela lurra xukatzeko (Hondarribian), lixiba egiteko (Soraluzen) eta barrikak tapatzeko (Pasaian).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide