Zumaiako hitz bereziak: JAKINMINOSO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko mai. 31a, 08:52

Begiratu bakarrik ez, galdetu ere asko egiten dute jakinminosoek (argazkia: Chad Santos).

Izenondo edo adjektibo berezi bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Jakin-nahikeriaz ikusmiran eta galdezka aritzen denari esaten diogu “jakinminoso” Zumaian eta inguruko herri batzuetan. Neurri batean “kuxkuxero” zentzua du, baina “muturluze” ere bai, gehitxo jakin nahi izaten duelako. Gaztelaniaz “fisgón” izan daiteke; “preguntón” eta “entrometido” ere bai, ordea.

Brigida Ibarbia oikiarrak esandakoa da hau, galdera asko egiten zizkion andre bati buruz ari zela:

  • Zer zan ba jakinminosa!

Anjel Lertxundik Letrak kalekantoitik liburuan idatzitakoa da beste adibide hau:

  • MARI. Konposizio sistema interesgarria osatzen da Mari izena baliaturik. (…) maripatxara (lasaia), maritxepel (kemen gutxikoa), maribentanas (jakinminosa), maribonbil (gizena)…

Txiliku idazle zarauztarrak ere erabiltzen duela badakigu, eta inguruan ezaguna den seinale, Joxe Mollarri delako batek 80ko hamarkadako UEUri buruzko kronika batean hau idatzi zuen Argia aldizkarian:

  • Tabernan sartu eta galderaz josi hau. hori da hori jakin mina, hori berriketa. Edateko atsedenik ere ez dit ia utzi lagun honek. Zer moduz, ze giro, zenbat jende, interesgarria izan al duk?, pena merezi al dik datorren urtean matrikulatzeak?... Trastoak utzi ditugu hor nonbaiten eta hasi zait jakinminoso hau aldamenetik adarra jotzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide