Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).
Oinak babesteko zurezko oinetakoei esaten diegu “txankuluak” edo “txanguluak” Zumaian eta beste herri batzuetan. Wikipedian beste izen hauek daude jasota: eskalapoiak, kalotxak, kloskak, oboilak, txankloak, trauskoak eta txokoloak. Horiek eta aldaera gehiago daude Euskararen Herri Hizkeren Atlasean. Gaztelaniaz zuecos, (al)madreñas, chanclos, albarcas eta galochas deitzen zaie.
Maite Urbieta arrandun ibilia da Zumaian urte askoan, eta kontatu digu etxean bazituztela txankulu beltz batzuk, amak (Pepita Egañak) erabiltzen zituenak, abarketa eta guzti sartuta. Lonjan ere ikusi izan dizkio saltzaileren bati horrelakoak erabiltzen.
Adora Osak despeska egitera joaten zireneko lekukotza polit utzi zigun ahotsak.eus webgunean:
- “Abeeeeer, despeska!! Diarra ite zuen kalian, zakuzko mantalak hartu ta egurrezko txankuluak hartu ta moilara.
Zarautz hizketan liburuan “txangulu” eta “eskalapoi” biak daude jasota hiztegian, eta arrandun, arrantzale eta angulazaleek erabiltzen dituztela dio. Pasaiako hizkera liburuan “eskalafoi” deitzen zaio, eta Donostiako lekuko batek “eskalaproi” esaten dio arrantzan erabiltzen zituzten oinetakoei. Ondarroan, berriz, “traskuk” edo “traskoak” dira:
- Fabrika abarketakiñ juten giñan. Traskuk eskun eruten genduzen da fabrikako atin jantzi.
- Arrantzaleak oiturazko dabe olezko oiñetaku edo traskoak erabiltea; itxasoan dabiltzanean beti erabilten dituen lez, eta inoiz itto be bai eurekin.
Baserri inguruneetan ere asko erabili izan dira txanguluak, lokatzetatik babesteko. Eibarko eta Bergarako hiztegietan jasota dago, eta lekukotza gehiago ere badaude ahotsak.eus egitasmoan, esaterako, Berrizen eta Amasan.
Jakoba Errekondok “zur-oskia” ere jasoa du izenen zerrendan, eta idatzia du “eskalaproiak” egiteko urkia, haltza, intxaurrondoa eta gaztainondoa erabiltzen zirela gehienbat, baita pagoa, makala eta zumea ere.
Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu baserrietan gerora gomazkoak ere asko erabili izan direla, beste oinetakoak erantzi gabe sartu eta basa artean lasai ibiltzeko.