Zumaiako hitz bereziak: ALTXIRRI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko eka. 21a, 10:13

Bideetan eta eraikuntza lanetan asko erabiltzen da altxirria (argazkia: pxhere.com).

Harriekin lotutako hitz batzuk ekarri ditugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Eraikuntzan eta egiturak sendotzeko erabiltzen diren harri koskorrei esaten diogu “altxirria” edo “altxerria” Zumaian eta inguruko herri batzuetan. Azkueren hiztegian ere jasota dago, eta “cascajo” da gaztelaniazko ordaina. Bitxikeria gisa, ardi kakari ere esaten diote “altxirria” beste herri askotan.

Zumaian bertan harri horiei edo antzekoei deitzeko beste bi izen bat ere erabiltzen dira. Lehenbizikoa ere agertzen da Azkueren Hiztegian, Zumaian jasota, gainera: “alegarra” (ahoz “alearra”), gaztelaniaz “cascajo” hori ere; Iratxe Aizpuruaren etxean hala erabiltzen dute, eta Brigida Ibarbiak kontatu ditugu “harlatzezkoak” izaten zirela gehienbat. Bigarren izena, berriz, “ha(r)txintxorra” da, eta Maria Antonia Goikoetxeak esan digu horixe esaten duela gehiena.

Manolo Azkuek kontatu digu “altxirridxa” asko erabiltzen zutela Estanis eta Luis anaiek, igeltsero lanetan posteak eta antzekoak egiteko bereziki; hau da, hormigoia bezala, egiturei sendotasuna emateko. Tamainaren arabera, altxirria “larria” edo “xehea” izan daiteke, eta Iraetatik ekartzen omen zuten.

Hitz honek beste bide bat ere hartua du, ordea, aspalditik: Andres Alberdi euskaltzainak Artzape aldizkariaren 134. zenbakian kontatu zuenez, Getarian arranplari esaten diote “antxirria”. Ahotsak.eus-en lekuko batek kontatzen dute han ikasten zutela igerian getariar gehienek, Zumaian Arbustainen bezala. Getarian tokiari deitzen diote Antxirri, baina Andresek azaldu zuenez, hartxintxarrez edo harri koskorrez beteriko gunea edo parajea esan nahi du. Forma aldaera bat baino gehiago ditu han-hemen (altxirri, artxirri, altxerri…), eta oinarrian, har(ri) + txirri > (h)artxirri elkarketa dago. Getariako antxirria harri koskorrez beteriko parajea izan zen, 1940 inguruan porlanez erabat estali zuten arte. Mutrikun, berriz, "intzirria" esaten diote.

Zumaian ere aspaldian erabili izan da “antxirri” adiera horrekin. Begira artxiboko 1804ko agiri bateko pasarte hau:

  • Se leyó el memorial de la Cofradía de Mareantes de esta Villa en que solicitan el terreno necesario en el paraje llamado Portuco Churru, por su justo valor; y en la vista se acordó que se les conceda graciosamente el terreno que piden sin perjuicio de la comunicación del tránsito de Ibirricoa y Anchirri, o pedregal.

Juan Zubiak ere eman digu adiera horren beste lekukotza polit bat: txirletan ibiltzen zirenean, toki batzuetan basa egoten omen zen, eta beste batzuetan harri koskorrak edo hartxintxarrak. Paraje harritsu horiei “altxirridxak” esaten omen zieten.

Orio aldean ere oso izen ezaguna da Altxerri, baina beste arrazoi batzuengatik: Aiako lurretan baina Oriotik oso gertu daude Altxerri izeneko baserria eta jatetxea, handik behera doan erreka, eta kobazulo ezaguna ere bai. Baserri horretan jaio zen Juanito Lizarralde Altxerri patroi ezaguna, eta gerora Orioko traineruan arraunean jarraitu dute haren seme eta bilobek ere. Izenaren atzean izana ere egongo da eta… harriarekin lotutako jarduerarik ba ote zen baserri horren inguruan?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide