Aldi luze batean ikusiko ez dugun norbait agurtzeko esaten da “gari berriak arte” Zumaian eta beste herri batzuetan. Antzuolan eta Zegaman ezaguna dela ikusi dugu, eta batzuek diote auzolanarekin izan dezakeela zerikusia, lan horietan elkartzen zirenek formula hori erabiltzen zutela despeditzeko.
Zumaian Manolo Zubiak esaten duela kontatu digu haren alaba Marianek, umetan baserritarrei ikasitakoa omen da: “Agurtzerakuan, gari berridxak arte!”.
Joxe Azurmendi irakasle eta idazle ezagunak “Diosalak eta kunplimentuak Zegaman” lana argitaratu zuen 2003an Ostiela aldizkarian, eta hauxe jarri zuen:
- Urtean behin (herriko jaietara edo) etortzen ziren bisitekin formula hau zegoen: "gari berriak arte", edo: "gari berriak baino lehen etorri". (...) Dihoanaren formulak ere badaude: Gari berrietarako etorriko gara berriz ere.
Aginagakoa zen Gaztelu bertsolaria, eta hango batek Antonio Zabalari kontatua da nola agurtu zuen Juan Bautista Urkiak kotxero bat:
- ...badakit zeradela / aginduba ondo / Gazteluk bakarrikan / ez dizu emango.
- Ta ori kantatu ta "Adios, gari berriak arte!" esanda, alde egin zuan berak ere, batere pagatu gabe.
Nikolas Zendoiak bertsolari aiarrak ere ezaguna du esapide hori, eta halaxe idatzi zuen DVko zutabe batean:
- Andik ikusten diran maastiak eta lautadak Valdezkaraiko mendietaraiñokoak dira, izan ere. «Gari berriak arte», esanda laga genuen goi ura.
Antero Apaolaza idazle urretxuarraren Patxiko Txerren ipuinean ere bada beste adibide bat:
- Nik uste dut onena izango litzakeala zeutako bat sartu ontziyan eta, "gari berriak arte" esanaz, bertara joatia ...