Dantzaldietarako orkestra txikiei esaten zitzaien “jasbana” Zumaian eta inguruan. Antzeko aldaerak dira “jazban” Eibarren, “jazman” Bergaran eta “jazpan” Beasain aldean. Ingeleseko “jazz band”-etik datorren hitza da, eta “orquestina” esaten zaio gaztelaniaz. 40ko eta 50eko hamarkadetan dantzaldi eta erromeria askotan jotzen zuten horrelako taldeek, eta eskusoinu, saxofoi (edo tronpeta) eta bateriaz osatuta egoten ziren. Hain zuzen, musikarako bateriari ere deitzen zaio “jasbana”, eta bi esanahi horietako adibideak daude Zestoarren erretolika liburuan: Ibiñarritan santakutzean jasbana eote zan. (…) Joxemai motzak jasbana puskau zun.
Marian Antoniak Goikoetxeak gogoan du Beheko plazako dantzaldietan pusketa bat jotzen zuela bandak, eta beste bat orkestina moduko batek; “jasbana” esaten zitzaiola hemen. Magdalena Egañak ahotsak.eus guneko bideo batean kontatu zigun Goiko plazan ere askotan jotzen zuela Elgoibartik etorritako Umore Ona taldeak, orain supermerkatua dagoen aterpe horretan, eta dantza egiteagatik ordaindu egin behar izaten zela, zintatxo moduko bat jartzen zutela paparrean.
Oikiara ere iristen zen jasbana, Brigida Ibarbiak bideo honetan kontatzen duenez. San Bartolome bigarrenean txistulariak joaten ziren dantzariei laguntzera, eta jaietan batzuetan soinujotzailea aritzen zen eta beste batzuetan jasbana. Gero iraileko igande denetan erromeria izaten omen zuten, gainera.