Zumaiako hitz bereziak: BAKASTA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko ira. 27a, 07:48

Animalien odola xurgatu eta poltsa ederki bete ohi dute bakastek. (Argazkia: Kepa Sarasola, Wikipedia)

Udako kontuekin amaitzeko, eguraldi beroekin batera agertu ohi den zomorrotxo bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Akainari esaten diogu Zumaian eta inguruan bakasta. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ikusten da Urola Kostan eta Debabarrenean erabiltzen dela batez ere bakasta. Sinonimoak dira kapar, lakasta, likasta, kapasta, akain, aken, lakain, litoin, artapo, ardizorri, lapar eta tika.

Zestoarren erretolika liburukoak dira azalpen hauek: "Akaroen ordenako zenbait parasitoren izen arrunta. Ardiek bereziki, baina, oro har, edozein ganaduk izan ohi duten arkakusoen moduko zomorroa. Arkakusoak baino handiagoa da tamainaz eta odola txupatu ohi du".

Mendian ibiltzen den ganaduak ekartzen du bakasta, ez da bere kabuz baserrietara sartzen. Zarauztar batek azalpen batzuk ematen ditu Ahotsak egitasmoko bideo honetan.

Belarretan eta landare artean ibiltzen diren txakurrek ere biltzen dituzte bakastak. Hara Xabier Azkueren Ez kapar, ez bakar ipuineko pasarte bat: "Aldian behin, Osaba Julianek bolatxo zuri batzuk ikusten zizkionean, atariko eserlekura ekarri ohi zuen Txispa: 'Amaaaa, karri oliyua-ta, Txispak berrize bakastak dazka-ta!!' Eta Izeko Mirenen txanda izaten zen orduan; trapu bat oliotan bustita, 'Torri, Txispita" esan, bakastak pixka bat libratzeko olioarekin igurtzi, eta pintza batzuekin tentu handiz ateratzen zizkion odol-zurrupatzaile haiek".

Azkenaldian aldizkari eta egunkarietan ere landu dituzte zomorro honi buruzko erreportaje batzuk, bereziki Lyme gaitz larria transmiti dezaketelako. Berria egunkarian eman zituzten horren xehetasunak; amaieran nola babestu gaitezkeen esaten dute, eta ziztatuz gero zer egin behar den ere bai.

Aitor Cevidanes aditu eta ikertzaileak Argia aldizkarian azaldu zuenez, "Gaitza kutsatzeko (bakterioa gure odolera igarotzeko) akainak gutxienez 24-48 ordu pasa behar ditu zizta egiten; hortaz, menditik bueltatu eta egunean bertan kentzen badugu, ez dago arriskurik".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide