Zumaiako hitz bereziak: IPURTXONTXOR

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko urr. 11a, 11:30

Gizonezko baten pelbisa. Erdiko hirukia da ipurtxontxorra. (Irudia: Wikipedia)

Anatomia pixka bat lantzeko, Abelinek bildutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Ipurtezurrari edo sakro hezurrari esaten diogu Zumaian eta inguruan “ipurtxontxorra”. Formari erreparatuta, “txuntxur” edo “tontor” itxura duela ikus daiteke. Abelin Linazisorok jaso zuen bere zerrendan, eta horrela definitu zuen: “Bizkarrezurreko azkeneko hezurra, ipurdiko erretenaren hasieran dagoena”. Kolpea hor jasotakoan akordatzen gara ondo non dagoen, oso mingarria delako.

Zestoarren erretolika liburuan ere antzera jasota dago: “Ipurtezurra, bizkar hezurreko azken hezurra, ipurdi azpiko hezurra. Ate ixkiñakin ipurtxontxorreko earra hartuet. Zarautz hizketan liburuan “ipurtxuntxur” agertzen da.

Bergarako hiztegiak dio ipurzintzurra dela, kokzix hezurra, eta antzeko beste era hauek jaso zituzten: ipurtxintxur, ipurtxuntxur. Artu dot zartara bat ipurtxintxurrian mai ertza jota... Elgoibarko hizkera liburuan, berriz, “ipurtxontxor” lehenetsi dute.

OEH hiztegiaren arabera, “epertxuntxur” eta “ipertxuntxur” erabiltzen dira Bizkai aldean, Orozkon eta Gernikan, esate baterako. Arantzazu eta Oñati inguruan “ipurtxuntxur” jaso zuen Aita Kandido Izagirrek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide