Haize zakarrarekin batera datorren euriari deitzen diogu Zumaian eta beste herri batzuetan “zaldizkoa” (ahoz “saldizkua”), eta pluralean erabiltzen da. Brigida Ibarbia oikiarrak esandako hitza da, azken egun hauetako ekaitzei begira, euria kolpeka olatuak bezala zetorrela ikusi zuenean. Orioko lekuko bati jasotako definizioa da hau: Dempoale fuertian garaian aizia ta ebia nastuan etortze'iya ta ola. Harluxet hiztegiak, berriz, horrela definitzen du: Euri-jasa. Urrutitik ikusita euri-jasak hartzen duen itxura.
Gerhard Bähr hizkuntzalariak 1931ko lan batean esan zuen alemaniarrek joera zutela naturako elementu bizigabeak bizidun balira bezala irudikatzeko, eta “zaldiak” edo "zaldizkoak” deitzen zietela urakanak bultzatuta bizkor zetozen hodeiei. Eskandinaviako abesti batzuetan ere mantendu omen dira metafora horiek, eta horiekin lotzen du gure hitz hau:
- No puede menos acordarse de ésto el que ve que en vascuence se llama comúnmente en todos los dialectos zaldizko, es decir 'jinete' a la columna de lluvia.
Azkueren hiztegiak “columna de lluvia” dela dio, eta OEH hiztegian ere jasota dago adiera hori; bi idazleren adibideak ere ematen ditu:
- Elementuak zaldizko(e)kin ari du (Gotzon Garate, Erdarakadak, 111)
- Gaur etorko dira / zaldizkoak eultzitara. (Orixe, Euskaldunak, 334)
Aita Kandido Izagirrek Arantzazu aldeko hiztegia landu zuen, eta adibide hauxe jaso zuen Gesaltza auzoan:
- Saldískuakiñ da euríxa (llueve en forma de barras de lluvia)
Euskararen Herri Hizkeren Atlaserako, berriz, Orion, Kortezubin eta Donamarian jaso zuten hitz hau, eta Hendaiako lekukotza hau ere bildu zuten:
- Zaldizkoak eldu die: uriya t'aizia.
Kepa Diegez irakasleak meteorologiaren zerikusia duten euskarazko 6.000 hitz baino gehiago bilduak ditu, eta Eguraldiaren euskara liburuan argitaratu zituen horietako batzuk. Tartean da gure hitz hau ere, eta Berbategia.eus webgunean topatu ditugu Kepak bildutako beste erreferentzia batzuk, esaterako Bergara eta Eibar ingurukoak:
- Zaldizkuak heldu dira / Euskalerri osoan odeieri zaldizko izena ematen diegu (Orixe, Euskaldunak, 447)
- Haizeak trabeska jotzen zuelarik egiten duen euri-zaparrada. Orrek die zaldizkuak! Eurixa zaldizkotan diardu. (Bergarako Hiztegia)
- Eurixa holan egitten ebanian "zaldizkuak" esaten eben zaharrak (Eibar aldeko hiztegia)
- Euria bizko ari zuen eta haizeak zaldizkoak zekartzan zeharka. (Iñaki Zabaleta, 110. Street-eko geltokia)