Arropak gogor igurzteari esaten diogu Zumaian eta inguruan “marruskatu”. Arantxa Aizpuruak proposatutako hitza da; esan zigun asko erabiltzen zutela etxean, “Zumaiko hizkeran”. Euskal Herriko Hizkeren Atlasean antzekoak badaude (murrusketu, murreskatu, marroskatu) eta bestelakoak ere bai: igurtzi, frotatu, fretatu, torroskatu, ixtrigatu, arraskatu, lauzkittu, karrakatu...
Zarautzen ere gurean bezala erabiltzen da, Txiliku idazleak Antigoaleko hiztegian jasota dauka, eta beste adiera batzuk ere zerrendatuak ditu:
- 1) Zura edo metalak lantzeko tresna baten bidez indarrez igurtzi higatzeko edo leuntzeko.
- 2) Eskuen artean laztasunez edo sakatuz erabili, goxotasun gutxirekin.
- 3) Barazkiak edo frutak eskuz ukitu eta erabili helduak edo samurrak dauden ikusteko.
Zestoarren erretolika liburuan ere ageri da, eta eskuen artean laztasunez edo sakatuz erabiltzea dela dio. Arropekin bai, baina bestela ere erabiltzen dute:
- Masajistak marruskau earra eman omentziyon; hoyek dia hoyek sakauak.
- Izara hauei labadorak marruskau earra eman diye.