Zulatutako edo gastatutako arropei jartzen zaien oihal zatiari esaten diogu Zumaian eta inguruan “txaplata”. Orokorrean horrelako zatiei “petatxo” ere esaten zaie, eta Abelin Linazisorok bere zerrendan zehaztu zuen “adabakia” zela. Brigida Ibarbiak kontatu digunez, “arabaki” ere deitzen zaie oihal zati txiki horiei. Arantxa Aizpuruak beste adibide hauxe proposatu zigun: "txaplataz betetako gona zaharra". Euskararen Herri Hizkeren Atlasean beste izen hauek ere agertzen dira: adabu, adabarri, adabazain, petatxu, petxatu, betatxu, pe(d)azu, p(i)eza, erremendu, txatal eta ipingi.
Txiliku idazle zarauztarrak bere Antigoaleko hiztegian azaldu zuenez, antzeko funtzioa betetzen duten beste gauza batzuei ere deitzen zaie “txaplata”:
- Ore moduko prestakina, gorputzeko atal batean jartzen dena handitua jaitsi, mina baretu edo sendabidean jartzeko; enplastua.
- Txaluparen karela marruskaduratik babesteko ipintzen den zurezko pieza; “taresta” edo “txatadela” ere esaten zaio.
- Eria edo hutsa dagoen begia estaltzeko erabiltzen den txatala, gehienetan zapi edo telazkoa.
- Zenbait lekutan jartzen den itsasgarria (autoetako pegatina, adibidez).
Bestelako adiera bat ere badu, adjektibo moduan, eta “txaplata” batez ere neskatila edo emakume lotsagabeei esaten zaie, berritsuei, gogaikarri edo astun direnei. Bergara, Eibar eta Arratian hala erabiltzen da, eta Zumaian ere bai, itxura denez; Maria Antonia Goikoetxeak kontatu digu beraien aitak ere bazeukala esateko ohitura: “Ixilik egon hai, txaplata!”.