Liskar edo sesioari esaten diogu Zumaian eta inguruko herrietan “okasioa”. Gipuzkoan erabiltzen da gehienbat esanahi horrekin (gaztelaniaz bronca, follón, disputa), baina Bermeon ere ezaguna da "okasiñue" iskabilari esateko, eta liskarra sortzen duenari "okasinte" deitzen diote. Beste bi adiera ere baditu hitzak: oro har “aukera” edo “egokiera” izan daiteke (gaztelaniaz oportunidad), eta bizkaieraz “hileta” ere esan nahi du zenbait herritan.
Imanol Azkuek “Hamaika argi gure euskarari” atala osatu zuen Baleike aldizkarian 2022tik irailetik 2024ko apirilera bitartean, eta denak liburu batean bildu berri ditu. Jaietan gertatzen ziren liskarrei buruzko atal bat eman zuen 2023ko santelmoen inguruan, eta han kontatzen du aspaldiko istorio hau:
- 1801eko apirilaren 14a da, San Telmo eguna. Oikiar batzuek txanela hartu eta Zumaiara etorri dira, Urolan behera, jaietako arratsaldea pasatzera. Herriguneko Antonenekua tabernan sartu dira, baina eseri orduko, tabernariak abisatu die joateko, baten bat dabilelako haiek egurtzeko asmotan. Ez dute astirik izango, ordea, alde egiteko, eta pasada galanta emango diote haietako bati.
Deklarazioetan, lekuko gehienek erabiliko dute "ocasión" hitza, gaztelaniaz, baina euskarazko esanahiarekin. Garai hartan Zumaian euskara nagusi zen seinale, agiriak gaztelaniaz egon arren. Hementxe hiru adibide:
- …en donde mandaron sacar media azumbre de vino, y antes de acabar de beberlo, vino la tabernera vieja, no sabe su nombre y apellido, y le dijo a Bernardo de Larrañaga que se separasen de allí porque savía venían a darles ocasión, sin decirles quienes.
- Respondió que su hija Francisca de Uranga le dijo subiese luego y les previniese a los hombres de Oyquina para que se desocupasen la sala porque seguramente les hivan a dar ocasión.
- …la previno su madre Maria Josefa de Mendizabal fuese aprevenirles a estos que desocupasen la sala y bajasen temerosa de que hubiese alguna camorra, ¿ocasión?
Txiliku idazle zarauztarrak ere jasoa du bere Antigoaleko hiztegian, eta azalpen hauek eman zituen:
- Horrez gain, haserre, liskar edo sesioa adierazteko ere erabiltzen da gure artean. Okasioa jartzera etorri al haiz?, galdetzen zaio bakean daudenak zirikatzera etortzen denari. Horrela, okasio eta saltsetan ibiltzea iskanbilak sortzea edo liskarrean aritzea da, eta ideia bera, agian indar handiagoz, adierazteko erabiltzen da okasioa eta zikina ibili, edota okasioa eta zikina eta desditxa ibili.
Bertsolarien artean ere asko ibili izan da “okasio”, eta adibide asko aurki daitezke Auspoa bildumako liburuetan. Bertsopaperetan ezaguna da “Ia guriak egin du” Xenpelarren sorta, eta hauxe da bigarren bertsoa:
Okasiyua prestatzen,
lotan daudenak esnatzen;
etzait neri gustatzen
maliziyan jostatzen
iñorekin ibilltzia;
ark merezi du illtzia!