Zumaiako hitz bereziak: MARKARRI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko abe. 13a, 12:00

Zuriak eta urdinak ziren markarri erabilienak. (Argazkia: maxixatzen.eus)

Santa Luzia da gaur, jostunen eguna, eta  horrekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Oihalean markak egiteko jostunek erabiltzen zuten harriari esaten diogu Zumaian eta inguruan “markarria” edo “marka-harria”. Gaztelaniaz “jaboncillo” edo jabón de sastre” esaten zaio. Zarautzen ere erabiltzen dute, eta Txiliku idazleak Antigoaleko hiztegian azaldu zuen hasiera batean esteatita minerala erabiltzen zela (talko-harria), baina gero talkoa eta kolorezko hautsekin osatzen zela. Beraz, garai batean jostunek mineral bigun batekin egindako harritxo edo harri-atala erabiltzen zuten oihalean markak edo arrastoak egiteko, gero nondik moztu behar zen jakiteko-edo. Bergaran ere “markarri” esaten dute, eta Azkoitian “markarixe”.

Maria Antonia Goikoetxeak kontatu digu lehen asko erabiltzen zutela markarria, urdinxka gehienetan; puskatu egiten zela batzuetan, baina txikiak ere balio izaten zuela markatzeko. Romanita Mitxelenarekin ikasi zuen berak josten, Linterneroeneko etxean, bigarren solairuan. Gaurko egunez txokolatea eta txurroak jateko ohitura ere ba omen zuten, eta batzuetan Uranga hotelean egiten zuten merienda.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide