Azukrez egindako goxoki txiki batzuei esaten diegu Zumaian eta inguruan “konpitteak” (ahoz “konpittiak”). Katalanez “confit” esaten da, eta hortik omen dator gaztelaniazko “confite” ere. Zestoarren erretolika liburuan horrela definitzen dute “konpitta”: Nahiz eta jendeak gozoki bezala ezagutu, azukrez eta beste osagairen batez egiten den orea da; delakoarekin egiten den gozokia. Azkoitian “konpitte/konpittie” da eta adibide hau ematen dute: Jaxetan izete zan konpittek erosteko eune. Bergara aldeko hiztegian “konfittak” agertzen da, adibide honekin: Ferixara joate zanian beti ekartze zittuan loibendako konfittak.
Maria Antonia Goikoetxeak kontatu digu Gabonetan jaten zituztela askotan “konpittiak”, mazapanen ondoan etortzen zirelako kaxa batzuetan. Alex Olidenek ere gogoan ditu koloretako bolatxo haiek, eta hain zuzen “Konpittoxarreneko” (Konfiterozarreneko) dendan erositakoak zirela famatuak. Brigida Ibarbiak bestelakoak ere aipatu dizkigu, barruan almendrak edo beste fruitu lehor batzuk zituztenak, baba edo arrautzatxo forma zutenak.
Patziku Perurena idazleak behin baino gehiagotan kontatua du Goizuetan ere jaten zituztela “konpittek”. Euskaldunon Egunkariaren Nafarkaria astekarian 1999an emandako testu eder baten zatia da hau:
- Behin bixiatu eta gero, hura poza gu rea, mezondoren batean, osabaren batek edo, esaten bazigun:
- –To bi pezta, ta erostzik konpittek; bino denak ez yan e! Eraman batzuk itxekori re.
- Oi, zeinen ernegarria zen pobreza hura! Konpitte edo beste goxoki klase asko, Erdi Arorako ba omen zen gurean, batez ere errege eta jauntxo aberatsen otorduetan, baina, artean, gutixi garestixkoa diruz urri samar bizi zen jende soilarentzako. Hasiera batean, jende zezakenaren luju apartekoa izan zen, beraz, konpitte kontua; eta giro hartantxe sor tuak ditugu, esanera zaharrok ere:
- –Ezttuk konpittak astontzat iñak! Bai tokau be, astuai konpittak!
- Ez zirela, alegia, jendaje nabar zarpailarentzat eginak, aparteko gauza goxo eta fin haiek; eta hartatik gero esan era, inolatan ere ez datozkion graduak eta jazkerak erakutsi nahi izaten dituenari leporatua.