Zumaiako hitz bereziak: HOTZIL

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan

Hotzetik berorako bidean aukera bat baino gehiago dago, eta gutxien HOTZILA erabiltzen da. (Irudia: UZEI)

Urtarrila edo ilbeltza hilabete hotza izan ohi da, eta tenperaturarekin lotutako hitz batekin hasiko dugu urtea, Alexek esandakoarekin. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Epela baino pixka bat hotzagoa den likidoari esaten diogu Zumaian eta inguruan “hotzila” (ahoz “hotzilla”). Antzekoak dira “hotzepel” eta "zerrepel" ere, eta batzuek eguraldiarekin ere erabiltzen dituzte hitz hauek.

Gotzon Garate idazleak gure eskualdean bildu zuen “otzilla ekarri” esaera, Aittolazar baserrian, hain zuzen. Iñaki Segurola idazle azpeitiarrak ere behin baino gehiagotan erabili zuen bere lanetan, esaterako Arrazoia ez dago edukitzerik  liburuan: 

  • Ondo osatutako sukaldean bada gozotik, gezatik, gazitik, minetik, erretik, egositik, gordinetik eta denetik; bada gustua, usaina, lurruna, beroa, epela, hotza eta hotzila.

Zumaiako adibideei dagokienez, Kantera baserriko Trini Antia Gorritik kontatutakoa da babarrunak prestatzeko “ur hotzilletara” bota behar direla.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide