Zumaiako hitz bereziak: ARRASTA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025ko urt. 17a, 07:51

Nahita edo nahi gabe egindakoak izan daitezke arrastak. (Argazkia: Shutterstock)

Zauri arin baten izena ekarri dugu aste honetan, egunkarian irakurritakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Ebakia izan gabe, azalean egindako zauriari esaten diogu Zumaian eta inguruan “arrasta”. Gipuzkoako beste toki batzuetan “arrastada” ere esaten zaio, eta sinonimoak izan daitezke “urratu” eta  atzamarka(da), atzaparka(da), harramazka(da), zarramazka eta antzekoak (katuek egindakoak, etab). Zestoarren erretolika liburuan ere agertzen da aste honetako hitza: Izterrian arrasta indu.

Antzeko adibide eman digu Maria Antonia Goikoetxeak ere: Kalian eroi ta arrasta bat in du. Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu sasiarekin edo otearekin egiten direla arrasta batzuk, baina txarrantxarekin egindakoak izaten direla arriskutsuak, erraz gaiztotzen direlako.

Andoni Egaña zarauztarrak iazko abenduan Berrian argitaratutako Zauriak zutabekoa da adibide hau:

  • Nerabeek eta gazteek euren buruei egiten dizkieten zauriei buruzko artikulu bat ari nintzen irakurtzen. Ez dira gehienetan bizia arriskuan jartzerainoko zauriak izaten. Askotan, beso-zangoetan arrastak izaten dira, axalagoak edo sakonagoak.

Hala ere, beste esanahi bat ere badu hitz berezi honek; Bergara aldean “pasada” edo sega kolpeari deitzen diote “arrastara”, eta Urola inguruan “arrasta bat ematea” zerbaiti garbialdi arin bat ematea da, sakontasun handirik gabekoa; pinturarekin emandako “eskualdi” bat ere izan daiteke, OEH hiztegiaren arabera:

  • Sukaldea ondo garbitzeko betarik ez daukat eta arraxtada bat emango diot.
  • Pintura-arraxtada bat.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide