Zotinari, hau da, diafragmaren uzkurdurak eragindako bat-bateko arnasgora ozenari esaten diogu Zumaian eta inguruan “kika”. Zarautz hizketan liburuan jasota dago, eta Zestoarren erretolika hiztegian ere bai: Kika jarri zat. Mertxe Lisbonak kontatu digu batez ere haurren zotinarekin lotzen duela hitz hau, eta Brigida Ibarbiak era guztietako zotinak izendatzen erabiltzen dela Oikian. Beste herri batzuetan hortzar deitzen diote "kika", batez ere haur hizkeran eta esne hortzei.
Euskaltzaindiak landutako Euskararen Herri Hizkeren Atlasean gure eskualdean kokatzen dute hitzaren eremu handiena (Aia eta Orio barne), eta zotinari esateko beste hitz asko jaso zituzten: zipo, xot(h)en, txopin, txotin, txoten, txokin, zopin, hotin, txo(lo)kote, txukun, kiddo, k(h)oka… Kika kentzeko modurik ezagunenak sustoa ematea, arnasari eustea eta ura edatea dira, baina hara Arroako lekuko batek zer kontatu zuen:
- Gúe attá zanák txapela eántzi tta azpíkoz gora járri ói zun... ála aldé itte zúla ta. Léngo zarrák ála ipíntz'emen tzén, txapéla eántzí tta béste aldéa béira járri, burún sartú be.