Ezeren beldurrik ez duten neskei esaten zaie Zumaian eta inguruan “bargasta”. Artadiko Sanmigelzar baserriko Patxika Etxabe Etxabek askotan erabiltzen omen zuen, eta nahiko zentzu positiboan eta maitekorrean, gainera. Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digunez, helduekin ez da erabiltzen, neska gazteei esaten zaie.
Zestoarren erretolika liburuan “bargazta” agertzen da, eta emakume matraka, bihurria, bizia eta ausartari esaten zaiola dio: Bargazta da geo gure neska hau! “Bargaztona”, berriz, itxura eta izaera basto eta lotsagabeko emakumeari; inoiz ez da gizonezkoei zuzentzeko erabiltzen.
Txiliku idazle zarauztarrak Antigoaleko hiztegian antzeko kontuak aipatzen ditu, eta azaltzen du adjektiboak kutsu gutxiesgarria hartzen duela zenbaitetan, emakume lotsagabea, bastoa, hezi gabea adierazteko, eta lizunkeria marka eraman dezake, batez ere “bargastona” azpimarratzen denean.
Bergara aldeko hiztegian ere jasota dago, emakume sorgina, lotsagabea izendatzeko. Beste adiera bat ere badu hitzak, “txerri eme gaztea” esan nahi du. Sarri neskatilez esan ohi da, hain zentzu gogorrik gabe; maitekiro, zenbaitetan: Ezta neskatilla txarra, baiña bargazta xamarra. Bergaran ere erabiltzen dute "bargaztona".
Ahotsak egitasmoko gazte hiztegian ere badago, eta zehazten du emakume matraka, bihurri, bizi, ausart eta lotsa gutxikoari esaten zaiola. Oñatin ere alde baikorretik hartu dute, eta herriko talde feministaren izena da BARGASTAK.