Zumaiako hitz bereziak: TXIRA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025ko ots. 21a, 08:30

Batzuetan asteak behar izaten dira txirak sendatzeko. (Irudia: Wikipedia)

Osasunarekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan, Maria Antoniari entzundakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Ultzerari edo azalean nekez ixten den zauriari esaten diogu Zumaian eta inguruan "txira". Orotariko Euskal Hiztegian "xira" ere agertzen da, eta azalpenetan ikusten da zauriekin lotutako adiera bat baino gehiago eman zaizkiola: gorputzeko likido txarrak kanporatzeko iturri modukoa dela (gaztelaniaz "exutorio" edo "fontículo"), hari moduko bat baba eta antzekoak zulatu eta likidoa ateratzeko, zauri gainean jartzen den huntz hostoa (Iparraldean "xira" esaten zaio huntzari), Tolosaldean azaleko urradura da… Labayruren atlas etnografikoak dio Hondarribian gaiztotutako urradurari esaten zaiola "txira".  Koldo Mitxelenak, bere aldetik, idatzi zuen amari ikasi ziola "llagado" esateko "txiratu" erabiltzen zela euskaraz. 

Maria Antonio Goikoetxeak kontatu digu, besteak beste, barizeen ondorioz sortzen zirela "txirak" garai batean. Brigida Ibarbia oikiarrak, berriz, esan digu egunak ohean mugitu ezinda daudenei ere egitea zaizkiela, eta  "txira dago" ere esaten dela, zauria irekita eta jario dagoela adierazteko.

Joxe Manuel Estonba idazle irundarrak 1959an  idatzitako Izartxo nobelakoa da azken adibide hau:

  • Ta Erko'k bulargañeko atorra askatzen du. Ondo itxi gabeko sauriak, txira ubela zun erdian, eta printzezko uztai gorria inguruan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide