Neskatila bihurriari esaten zaio Zumaian eta inguruan “matxarda” edo “motxarda”. Alex Olidenek kontatu digu bi era horiek entzun dizkiola amari, Kantera baserriko Trini Antia Gorritiri. Brigida Ibarbia oikiarrak esan digu “berearekin irten nahi izaten duten neskak” direla gehienbat “matxardak”, nortasun handikoak.
Goierrin ere erabiltzen dute “matxardea” ume edo neska batzuei deitzeko, halaxe esan zuten Beasaingo emakume batzuek ahotsak.eus egitasmoko bideo batean. Pintzak dira berez matxardak, eta gaztaina morkotsak minik hartu gabe biltzekoak ezagunak dira hainbat herritan: Ataunen ere erabiltzen zituzten, eta Azkoitian “motxardie” deitu izan zaie pintza horiei.
Bergara aldeko hiztegian ere jasota daude bi adiera nagusi horiek:
- Egurrezko pintza modukoak, gaztainak koskol eta guzti batzeko. “Motxardia seittuan itte zan gaztaiña adar batekiñ."
- Neskatilla bizi eta bihurriengatik esan ohi da. “Nungua da neskatilla motxarda belendriñ au?”
Elhuyar Hiztegiak, berriz, bi esanahi hauek bereizten ditu adjektibo modura:
- Neskatilez mintzatuz, bihurria eta ipurtarina (gaztelaniaz, traviesa, inquieta, revoltosa).
- Emakumeez mintzatuz, maiseatzailea edo mihigaiztoa (gaztelaniaz, cizañera, criticona).