Bereziki aurpegian eta gaztetan ateratzen diren granoei esaten diegu Zumaian eta inguruan “xuldarrak” edo “xulderrak”. Hiztegietan gehien erabiltzen dena “zuldar” da (“zaldar” ere bai), eta Zumaian jasoa dugu forma hori ere. Zestoarren erretolika liburuan ere agertzen da “xuldar”, gaztelaniaz “espinilla” dela dio: Xuldarrak gaztetasunan señale dia./Beti arpeya xuldarrez beteta eukitze zun. Brigida Ibarbia oikiarrak ere “xuldar” erabiltzen du; Trini Antiak, berriz, e-dun forma: Neska horrek kopeta dana xulderrez beteta daka.
Orotariko Euskal Hiztegian antzeko aldaera asko agertzen dira: zulder, suldar, txuldar, txundar, txulder, zuildar, zoldar, zurdel, zuldur, sulder... Hor azaltzen da beste adiera nagusi bat ere baduela hitz horrek: abereei larru azpian sortzen zaizkien garau zornetsuak, intsektu batek jarritako harrek eragindakoak. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean batez ere behiei erasaten dien gaitz horri buruz galdetu zieten lekukoei, eta Getarian “xuldarra” jaso zuten.