Zumaiako hitz bereziak: DINDIRRIN

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025ko mar. 28a, 09:00

Katarroa hartuz gero, ez da harritzekoa izaten dindirrina edukitzea. (Gorka Ortega, Bergarako Udala)

Osasunarekin lotutako beste izen bat ekarri dugu aste honetan, Alexek esandakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Sudurrari darion muskira edo muki urari esaten diogu Zumaian eta inguruan “dindirrina” (ahoz “dindirriña”). Hiztegietan “dindirri” agertzen da (gaztelaniaz “moquita” edo “moquillo”), eta Bizkai aldean asko erabiltzen da; mukiari bakarrik ez, zintzilik geratzen diren arropa zati eta antzekoei ere esaten diete (gaztelaniaz “colgajo” edo “pingajo”). Larramendiren hiztegian (1745) “jeladindirria” deitzen zaio teiletatik zintzilik egoten den izotz zatiari.

Alex Olidenek kontatu digu amak asko erabiltzen duela hitz hau, Kantera baserriko Trini Antiak. Brigida Ibarbia oikiarrak ere ondo ezagutzen du, musutik iturria dagoenean sortzen dela kontatu digu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide