Zumaiako hitz bereziak: TXALAMATIKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025ko api. 4a, 08:10

Telebistako tertulia batzuetan txalamatika izaten da nagusi. (Argazkia: Página Rota)

Izen bitxi bat ekarri dugu aste honetan, Brigidak esandakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Buila edo hizketaldi nahasiari esaten diogu Zumaian eta inguruan “txalamatika”. Hiztegi batzuetan “kalamatrika” agertzen da, eta Bergaran beste adiera bat ere ematen diote: erretolika edo hizketaldi luze eta ulergaitza da, batetik, eta azpijoko edo amarrua, bestetik. Txalamatika eta kalamatrika, biak ere “gramatika” hitzaren bilakaeratik omen datoz, “erretolika” eta “erretorika” lotuta dauden bezalaxe.

Brigida Ibarbia oikiarrak esandakoa da adibide hau, telebistako tertulia bati begira ari zela:

  • Txalamatika earra dabilkite hoiek orain’e!

Txiliku idazle zarauztarrak jasoa du bere Antiagoaleko Hiztegian, eta han dioenez, pertsona talde zaratatsu batengatik esan ohi da xakelak putzuan baino txalamatika handiagoa ateratzen dutela. Getarian ere bildu zuten “txalamatika” Euskararen Herri Hizkeren Atlaserako, buila, iskanbila eta antzekoen pareko. Anjel Lertxundi oriotarrak erabili zuen Ihes betea liburuan, eta Nikolas Zendoia bertsolari aiarrak ere bai Beranduko birigarroa lanean:

  • Hartan, ahapeka zerabilen txalamatikari utzi gabe, begiratu egin zidan.
  • Orduko matematika / genuen txalamatika.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide