Zumaiako hitz bereziak: ABANTE

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan

Arrantzaleek asko erabiltzen dute “abante”. (Argazkia: Sigfrido Koch, Gure Gipuzkoa)

Euskaraldia abian jarri berri dugun honetan, abiatzearekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Itsasontzietan aurrera egiteari edo abiatzeari esaten diogu Zumaian eta itsasertzeko herrietan “abante”. Manuel Aizpurua zumaiarrak, “Puerto de Zumaya” artikuluan batelen arraunketari buruz ari zela, horrela idatzi zuen 1960 inguruan: Los movimientos de las remadas se denominan; “avante” para avanzar, "siya" para retroceder.

Jexux Gorostolak ahotsak.eus guneko bideo batean kontatu zigun nola moldatzen ziren porturatzeko:

·         Geo, geu bakarrik bagiñan, Izustar esaten zixeun saliente bat, han eoten giñan. Ta han ertentzen zunian, han ikusten zanian zea, barealdixa, abante, barroa.

Orion ere ari dira hitzak eta esamoldeak biltzen eta zabaltzen, eta adibide hauxe jarri dute duela gutxi: Baporean aparejuak sartu eta abante!

Bizkai aldean ere erabiltzen da hitz hau, Bermeon eta Ondarroan, esate baterako. Itsasoko kontuetan bakarrik ez, bestelakoetan ere erabiltzen dute, zerbait martxan jarri edo mugitzea adierazteko:

·         Kotxie abante dako. Erlojue abante dabil. Imiñi telebisiñue abante. (Bermeo)

·         Motorrai abanteik eziñ emonda ibillina. Abanteik artzen ezpou ezga iñoa allako. Abante amendik eurixe asi baño len. Au aparatua ezebillen-da... zeñek ipiñirau abantin?  (Ondarroan)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide