Zumaiako hitz bereziak: GORNI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan

Gorniaren ezaugarri nagusia da larruazalean gorriuneak ateratzea. (Argazkia: wikimedia)

Gaixotasun baten izena ekarri dugu aste honetan, Maria Antoniak esandakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Elgorriari esaten diogu “gornia” (ahoz “gornidxa” edo “gorniya”) Zumaian eta inguruko beste herri batzuetan. Zestoarren erretolika liburuko definizioa da hau:  Gaixotasun infekziosoa, birus batek sortua, oso kutsakorra eta epidemikoa, bereziki umeei erasotzen diena. Euskaraz “gorrina” ere esaten zaio (gaztelaniaz “sarampión”), eta gaur egun ia ez da entzuten, horren aurkako txertoak jasotzen dituztelako ume guztiek.

Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu komunioa egin baino aste batzuk lehenago pasatu zuela berak gornia, eta okerrena azkurea izaten dela. Landareen eta barazkien gaitz bati ere deitzen omen zaio “gorniya” (euskaraz “gorrina” eta “ugerra” ere bai); esaterako, geranioei ateratzen zaizkie orban edo peka gorrixka batzuk, eta babarrunen landareei ere bai, gehienbat giro hezea dagoenean. Zestoarren hiztegikoa da beste adibide hau: Oso udara bustiya dijua ta tomatiak gorniyak joko dittu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide