Kontserbagintzan erabiltzen ziren egurrezko ontzi handi batzuei esaten zitzaien "tiña" Zumaian eta inguruan. Arropak garbitzeko ere balio zuten barrika erdi horiek, horrela definitzen dute Zestoarren erretolika liburuan: Zenbait tokitan, lixiba egiteko erabilitako upelerdi-formako ontzia. Lixiba iteakuan tiña erabiltze zan. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean, berbategia.eus gunean eta ahotsak.eus guneko bilduman gehienbat arropekin erabiltzen zela agertzen da, eta Gipuzkoan eta Bizkaian ohikoa zela izen hori (tiñeko/tiñeku ere bai).
Kostaldeko herrietan, berriz, arraina saltzeko neurri modura ere erabiltzen zen. Hara 1901ean Orioko balearen bertso batean nola aipatzen duten:
· Egun da berroi ta amar arrua / [baliaren] tripan ere bazeguan, / sei peztan tiña erosi eta / sartu zueten soruan.
Zumaiako adibideetara etorrita, Magdalena Egañak kontatu zigun Ortizenean antxoak kontserban jartzeko izaten zirela ontzi horiek:
· Etortzen zan kajetan, otarretan, eta tiñak. Tiña haundidxak. Mahaian bota gatza dana, hustu kaja, berriz bota gatza, dana nahastu ondo gatzakin, bete arten tiña.
Abelin Linazisorok, berriz, esan zigun estropadak jokatzeko ere erabiltzen zirela:
· Txanelen regatak. Tiñena´re bai... Tiña, tiña den... barrikak... Barrika haundiyak, fabriketan ibiltzen zianak e... eozertako o sardinzarrentzako, ez naun akordatzen! Hoitan sartu, arrauna bakarrakin, ta, klaro, arrauna bakarrakin oso zaila den eamatia kupel borobil bat aurreaka.