Landu gabeko edota lantzeko balio ez duen lurrari deitu izan zaio Zumaian “alpersail”. Euskaraz antzeko beste izen batzuk ere badaude: “alfer-lur” Elhuyar Hiztegian eta Euskaltzaindiarenean, eta “lur alfer” Orotariko Euskal Hiztegian. Era berean, sinonimoa da “etze”, eta gaztelaniaz “terreno baldío” esaten zaio.
Torreaga fundizioaren ondoan, Zubiberritik ibaian goraxeago, beste lantegi bat egon zen, unanuetarrek sortutakoa (URPE). Joxe Mari Agirrezabalaga lekukoak hortxe kokatzen du lursail baten izena datu ikerketa toponimikorako egindako grabazioan:
- Urpe tailerra zen tokian zeon lubakiya, eta handik hara Basadizarrak, eta handik kamiyoa, Alpersaila.
Ikerketa horretan bertan jasota daude izen horren erreferentzia gehiago, artxiboetan topatutakoak:
- (1899) Los vecinos de la Villa (…) alegaban que la ejecución de las obras que se pensaban llevar a cabo quedarían destruidas las tierras de las Riberas Nuevas y Viejas, y las del punto conocido como Alpersaill.
- (1907) Los propietarios interesados en las Riberas Viejas y Nuevas, y en las tierras del término de Alpersail presentaron al Gobernador Civil de la Provincia de Gipuzkoa otra de las reclamaciones a la petición del Sr. Arango.
- (1922) Alper-sail. Heredades de Zumaya.
1914ko liburuxka batean ere agertzen da izen hori, erriberetako lursailen jabeen anaidiaren arauak biltzen dituen agirian.
Imanol Azkueren Zumaia, izena eta izana liburuan horrela jasota dago sail horri buruzko azalpena:
- Eskuinaldean, Estaziobidera irten aurretik, fundizioa egon den horretan, Alpersail egon zen; izen berezia, azalpena badaukana: horrela izendatzen zituzten alferrik zeuden sailak, ezertarako erabiltzen ez zirenak.
Orain gune horretan etxe berriak egiten ari direnez, Zumaiako Udalak uztaileko osoko bilkuran ontzat eman zuen bi izen berri hauek gehitzea kale izendegian: Torreaga plaza eta Alpersail kalea. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abuztuan argitaratu eta 30 laneguneko epean alegaziorik egon ez denez, izen ofizialak izango dira aurrerantzean.