Ganaduaren azpiak egiteko erabiltzen diren landareei esaten zaie Zumaian eta inguruan “inaurkinak” (ahoz “iñaurkiñak”). Zestoarren erretolika liburuak dio garoa, orbela, otea eta antzekoak erabiltzen direla, eta “azpigarriya” ere deitzen diote: Iñaurkiñak biltzene bai behin baño geyotan. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean eta Orotariko Euskal Hiztegian agertzen dira beste aldaera batzuk: inaurki, ihaurkin, ihaurki, ihaurgi, iraurkin, iraurki, iraurgi, inarkin, iñorkin, inurkin, iraurgin, ihaurri, ihaurgai… Zestoan jasotako azalpena da hau: Danai esate zayo iñaurkiña, garuai bezela otiai da belar zakarra o zakarrai re bai.
Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu udazkenaren hasieran, garoa gorritzen hasten zenean, “iñaurkiñeta” joaten zirela Oikiako baserrian, gero azpiak egiteko. Urrai (Urregi) aldera ere joaten ziren batzuetan, otea biltzera; Artzain baserritik beherako erreka ondoan dago paraje hori, Narbazta inguruan.
Zarautzen ere erabiltzen den seinale, Zarautz hizketan liburuan jasota dago eta Txiliku idazlearen Antigoaleko Hiztegian ere bai. Azken horretan zehazten denez, garai eta leku batzuetan libre izaten zen inaurkina biltzea herriko lurretan; zenbait herritan San Migel inguruan adarra jotzen omen zen baimena emateko, eta jendea gurdiak hartu eta mendira joaten omen zen inaurkina biltzera.
Garoa herri lurretan biltzeko ohitura hori oso ondo jasota dago Hernani eta Ereñotzu aldean, Harrapazka eguna esaten zitzaion. Iraileko amabirjina (irailak 8) egunaren inguruan egiten zen urtero, “iñistorra” edo garoa gorritzen hasten zen garaian. Udalak bandoa ateratzen zuen herritarrei noiz eta non izango zen jakinarazteko, eta han aritzen zen jendea, igitaia hartuta. Gai horren inguruan ikerketa sakona egina du Iñaki Sanz-Azkue hernaniarrak, eta erreportaje bat ere idatzi zuen Argia astekarian.
Bitxikeria modura, IÑORKIÑAK izeneko musika talde bat ere egon zen Usurbilen.