Norabait edo nonbaitera esateko erabiltzen da Zumaian eta inguruan “noanoa” (osorik idatzita “nora-nora” edo “nora edo nora”). Koldo Zuazok euskalkiei buruz azaldutakoaren arabera, bizkaieraz ohikoa da ‘izenordain galdetzailea + edo + izenordain galdetzailea’ egitura hori: nonor, nonon, nonogaz, nonora…
Abelin Linazisorok ahotsak.eus egitasmorako egindako elkarrizketa honetan topatu dugu adibide bat:
- Horrek ziñenan beste sekzio bat OARGUI izena zuna, Organización Athlético Recreativa de Guipúzcoa, eta OARGUIn barruan eiten hittunan eskursio kulturalak. Ta eskursio bat noanoa, baiña zerbait helburu kulturalakin, ezta?
Zarautz hizketan liburuan agertzen dira noanoa eta nuanua (‘nonora, nora edo nora’), “nonbaitera” adierazteko: Noanoa jungo al gea bihar? Andoni Egaña zarauztarrak Berria egunkarian ere erabili zuen egitura hori: Aste Santua oporretarako baliatzen duten askoren topagunea bidaia da. Nora edo nora irten.
Hiztegi batzuetan jasota dago, bai orokorretan (OEH Hiztegian eta Labayrun), baita Deba bailarakoetan ere:
- Eibarren NUONORA: Nora edo nora, nora edo hara, nunbaittera. Nuonora urten dau iñori ezer esan barik.
- Elgoibarren NORA-NORA: Nora edo nora, norabait. Mariñek esan tzigun, “honekiñ irten ein bi’ozue nora-nora.
- Bergaran ere NORA-NORA: Ointxe nora-nora mobidu biarrian gare etxe billa.