Lurra ongarritzeko simaur artifizial jakin bati deitu izan diogu Zumaian eta inguruan “txoriximorra” (ahoz “txoiximorra”). Bizkaian “txori-satsa” erabiltzen da (Labayru Hiztegian), gaztelaniaz “guano” edo “guano de Perú”, eta R.M. Azkueren hiztegiak dio Gipuzkoan “txori-zimaur” erabiltzen zela eta lurrak ongarritzeko superfosfatoei esaten zitzaiela.
Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digunez, orain erre berri den Santiagoko baserri horretan ekonomato tankerako bat zegoen, eta 1950eko hamarkadan hantxe erosten zituzten baserrirako gauza batzuk: sulfatoa, zahia eta txoiximorra ere bai. Beix kolorekoa izaten omen zen azken hori, ogi arrailatua baino larriagoa, baratzerako oso ona. Zestoarren erretolika liburuan beste adibide hau ikusi dugu:
- Ni artian txiki xamarra nitzala, txoiximor-zaku batekin hondau zun bizkar-hezurra.