“Mendiak eta geologia: paisaia menditsuen eta alpinismoaren gaineko begirada desberdin bat” izenburupean, ikastaroak mendiko profesionalen, adituen eta mendizaleen arteko topagune izan nahi du. Paisaia menditsu ezagunenak interpreta ahal izateko ezagutzak eskainiko dira ikuspuntu desberdin batetik, hauen jatorria, bilakaera eta gordetzen duten informazio piloa aintzat hartuz. Halaber, erliebe handi hauen ezaugarri geologikoen eta eskaladarako eta alpinismorako dituzten berezitasunen arteko lotura aztergai izango da.
Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak, Asier Hilariok, zuzenduko du ikastaroa eta irakasleak geologia eta alpinismoaren eremuan entzute handiko adituak izango dira: Jeronimo Lopez ikertzailea eta alpinista, Jose Carlos Tamayo alpinista, Luis Carcavilla geologoa eta alpinista, eta Sobrarbe Geoparkeko zuzendaria, Anchel Belmonte. Gaztelaniaz izango da.
Lehen bi egunetan alderdi teorikoa landuko dute. Besteak beste, munduko zein Pirinioetako eta Euskal Herriko mendi nagusien jatorria eta bilakaera emango dira ezagutzera eta Himalayako zortzimilakoak eta munduko mendi ikusgarrienetako batzuk ardatz harturik, geologiaren eta alpinismoaren arteko lotura izango da aztergai. Halaber, mendi hauen estetikaren kontzeptua eta geologo eta alpinisten atentzioa pizten duten bereizgarriak mintzagai izango dira mahai-inguru batean.
Larunbatean, hilak 3, irteera egingo dute parte-hartzaileek Euskal Kostaldeko Geoparkera, flyscha gertutik ezagutzeko helburuarekin.
Argazkian, Ordesa eta Perdido Mendia / Anchel Belmonte, Sobrarbe Geoparkea.