Atzo hasi eta gaur amaitu da Atlantic Geoparks europar proiektuko laugarren koordinazio batzarra, Euskal Kostaldeko Geoparkean. Hain zuzen ere, Geoparkea da proiektu honetako kideetako bat.
Batzarrean proiektuaren bazkide diren 12 erakundeetako ordezkariek parte hartu dute, 20 bat lagunek. Bileraren helburua izan da proiektuaren baitan egiten ari diren jardueren jarraipena egitea eta datozen hilabeteetara begira egingo diren ekintzak zehaztea.
Lehendabiziko saioa atzo, asteazkena, egin zuten Kantabrian, Limpias herriko paradorean, Kantabriako Udalerri Iraunkorren Mankomunitateak antolatuta. Gaur, berriz, hilak 22, proiektuaren bazkideak Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean batu dira (Debak, Mutrikuk eta Zumaiak osatzen dute Geoparkea).
Goizean lan-saioa egin dute Zumaiako Oxford aretoan. Oier Korta, Zumaiako alkatea, bertara hurbildu da taldekideak agurtu eta ongi etorria emateko. Bazkalondoren, behin batzarra amaituta, Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscha gertutik ikusteko ibilaldia egin dute itsasontzian, Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak gidatuta.
Proiektu honekin, Europako bost herrialde ezberdinetako 12 bazkideek, horien artean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Europa Atlantikoko Geoturismo Ibilbidea osatuko dute, proiektukide diren lurraldeak lotuko dituena, eremu atlantikoko ondare geologikoa eta kulturala sustatzeko helburuarekin.
Proiektuaren baitan, beste zenbait ekintza egingo dira: audiogidak hizkuntza ezberdinetan, ibilbide geologikoak, geodibertsitatea modu birtualean esperimentatzeko web atari bat eta ikusentzunezko bat, besteak beste.
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkearekin batera, honako hauek dira proiektuaren bazkide:
- Arouca UNESCO Munduko Geoparkea, Portugal
- Azores UNESCO Munduko Geoparkea, Portugal
- Fforest Fawr UNESCO Munduko Geoparkea, Erresuma Batua
- Marble Arch Caves UNESCO Munduko Geoparkea, Irlanda
- Lanzarote eta Chinijo uharteetako UNESCO Munduko Geoparkea, Espainia
- Kantabriako Udalerri Iraunkorren Mankomunitatea, Espainia
- Armorique eskualdeko Parke Naturala, Frantzia
- North Pennies AONB elkartea, Erresuma Batua
- The Burren and Cliff of Moher UNESCO Munduko Geoparkea, Irlanda
- Copper Coast UNESCO Munduko Geoparkea, Irlanda
- Trás-os-Montes e Alto Douro unibertsitatea, Portugal
Proiektu hau Europar Batasuneko Interreg Gune Atlantikoko programaren bidez finantzatzen da. Egitasmoak UNESCO Geoparkeen Munduko Sarearen babesa dauka (GGN). Proiektua 2019ko azaroan amaituko da.