Zer (ez) da Game of Thrones
George R.R. Martin idazle estatubatuarra 1991. Urtean hasi zen A song of ice and fire izeneko liburu-seriea idazten. Lehen liburukia 1996an argitaratu zuen, A Game of Thrones izenburuarekin, ondoren HBOk ekoitzitako telebistako serieak hartu duen izen bera. Baina telesailak oinarri duen liburu-seriea oraindik amaitzear dago, izan ere, hasiera batean trilogia baino izan behar ez zen serie hura une honetan zazpi liburuk osatuko dutela aurreikusten baita, eta horietatik bost baino ez dira argitaratu.
Literatura fantastikoa haur eta gazte literaturari lotzen zaio maiz, baina hau ez da kasua. Liburu hauetan intzestua, biolentzia, sexua eta pertsonaien ikuspuntuan oinarritutako idazketa mota berezi eta berritzailea lantzen da, irakurleari atsedenerako tarterik utzi gabe. Pertsonaiak bikain daude landuta, eta ezin esan protagonista nagusirik dagoenik, izan ere, istorioaren edozein unetan pertsonaia garrantzitsuak hiltzen baitira zaleen harridurarako.
Liburuetan dagoen fantasia ere askoz konplexuagoa den istorio baten zerbitzura jarri du Martinek, herensugeak eta pertsonaia mitikoak liburuen muinean dagoen istorioa indartu eta sakontzeko erabiliz. Liburuek oinarri historikoa dute, Ingalaterrako erregetzarako lehian XV. Mendean gertaturiko Bi arrosen gerra du oinarri, eta liburuek dituzten ezaugarri historiko zein geografikotan nabari gelditzen da.
Oinarri horrekin, liburu-seriea arrakastatsua izan da hasieratik mundu guztian, baina gaur egun ezagutzen dugun mainstream moduko produktu komertziala izan gabe. Horren adibide da gaztelaniazko argitalpena Bartzelonako Gigamesh argitaletxe txikiak egin izana. Hauek 2002an hasi ziren liburua argitaratzen, eta garai hartan Internet bidez erosi behar izaten genituen, hemen ez zeudelako salgai. Lehen liburua argitaratu eta 15 urte beranduago, 2011. Urtean, telebista seriea iritsi zen, eta horrekin batera sortu zen benetako fenomenoa: milioika jarraitzaile, istorioaren inguruko blog, liburu, mahai-joko eta bestelakoen sorrera, eta grabazioak egiten diren tokien hazkunde turistiko ikaragarria. Hau guztia zergatik? Liburuen goi-mailako kalitatea telebistarako eramateko gai izan direlako, eta horrek, Game of Thrones telebistaren historiako serierik prezietuenen artean egotera eraman du.
Zer izan daiteke
Horrelako telebista serie baten grabazioak herrian maila askotako eragina izan dezake. Nik baino hobeto Gaizka Izagirrek azaldu zuen Argia aldizkarian duela egun batzuk. Bertan azaltzen da nolako eragina duen Game of Thrones grabatzen den edozein eremutan.
Aurrekoa esanda, uler daiteke ez garela ari 8 apellidos vascos-en pareko fenomeno bati buruz hitz egiten. Zumaian, nabaria izan da pelikula horren arrakastak erakarritako bisitari kopurua, eta gure herria bidaia-gida zein Interneteko blogen jomugan jarri du. Eraman dezagun hori orain mundu mailan milioika jarraitzaile dituen fenomeno baten dimentsiora. Are gehiago, oraindik urtetan iraungo duen (beste bi denboraldi grabatuko dira, eta bi liburu argitaratzea falta da) fenomeno izugarri baten ikuspuntutik azter dezagun: Prestatuta dago Zumaia horri aurre egiteko? Uste dut ezetz, eta hobe dugu neurriak garaiz hartu Zumaiarentzat sortu den aukera honi modu mesedegarrian aurre egingo badiogu.
Espero dezagun Udalean gaia aztertu eta herrian turismoa modu jasangarrian kudeatzeko neurriak hartuko dituztela, uda honetan Game of Thrones Zumaian grabatzearen ilusioak neguak eraman ez ditzan.