Kultura digitala

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2019ko uzt. 31a, 09:14

2010. urtean erosi nuen nire lehen irakurgailu elektronikoa. Barnes&Noble liburu kateak kaleratutako Nook gailuaren lehen bertsioa izan zen, eta lagun batek ekarri zidan New Yorketik propio eskatuta. Garai hartan liburu elektronikoak nahiko gauza berriak ziren, baina ordurako paperezko liburuen desagerpena iragartzen hasiak ziren. Zorionez, iragarpen hutsean geratu zen eta paperak merezi duen tokia izaten jarraitzen du gure apalategietan, baina onartu behar dut Nook horrek bizitza aldatu zidala.

Alice Sebold idazlearen The lonely bones liburu ederra izan zen formatu digitalean irakurri nuen lehena. Ehunka liburu etorriko ziren atzetik, batzuk onak, besteak ez hainbeste, baina esan dezaket urte hauetan irakurri ditudan liburu gehienak digitalak izan direla. Irakurle amorratua naizen aldetik, abantaila asko aurkitu nizkion berehala gailu honi: liburu totxoen pisua amaitu zen, hizkuntza desberdinetako liburuak eskura nituen, maleta liburuz bete gabe oporretara joatea, eta batez ere, etxeko apaletan toki gehiago izatea.

Nire Nook hura zahartu den arren, liburu elektronikoak ohiko bilakatu dira gure bizitzan. Eta liburuen kasuan bezala, beste esparru askotan ere kulturaren digitalizazioak gure kontsumo ohiturak aldatu ditu: iPodak musikaren iraultza ekarri zuen mende hasieran, baina gaur egun Spotifyk bigarren iraultza eragin du. Antzera gertatu da zinemarekin, Netflix, HBO eta antzeko plataformen etorrerarekin: pelikulak eta serieak kontsumitzeko modua aldatu da, edozein unetan eta edozein tokitan ikus ditzakegu arazorik gabe. Nork ikusten du telebista lehengo moduan? Nahieran ikusten dugu edo bestela Youtubek ematen digu nahi dugun guztia.

Ez dago gaizki, kultur kontsumitzaile garenontzat leiho berriak zabaldu dira, aukerak gehitu zaizkigu, baina itsaso zabala izan arren, askotan honek aukeren murrizketa ere eragiten du. Esaterako, liburu digitalek liburu denda txiki askoren desagerpena ekarri du Amazon moduko erraldoien mesedetan. Disko dendei buruz antzeko zerbait esan genezake, musika batez ere digitalki kontsumitzen baita, nahiz eta biniloaren berpizkundea sumatzen den. Baina esango nuke datozen urteetako benetako erronka ikus-entzunezko alorrean izango dugula.

Generazio berrien hizkuntza ikus-entzunezkoa da erabat; audio, bideo eta irudien bidez komunikatzen dira. Gaur egun Interneten mugitzen den trafikoaren erdia baino gehiago ikus-entzunezkoa da: pelikula, serie, Youtube eta bideo jokoak. Baina

Euskarak ez du apenas tokirik eremu hauetan. Bada garaia gure kulturaren digitalizazioaren erronka plaza guztietara zabaltzeko, ez badugu euskal kultura nire Nook zaharraren moduan ikusi nahi, erabilgarri baina zaharkituta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide