Fedegabeon anormaltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko eka. 12a, 16:21

Aupa Kattan,
 
Lasai, bazekiat hirea (nirea bezala) fabrikako akatsa dela, ez dago zer eginik. Gure arteko gutun hauek inork irakurtzen baditu, horretan behintzat gurekin ados egongo da. Anormaltasun berri honetara ohitzeko, hobeto egongo ginateke Paneroren moduan Arrasaten, psikologoaren sofan etzanda baino. 

Onartu behar diat horrelako krisialdi existentzialistak izaten ditudanean inbidia ematen didatela fededunek. Ez daukat zalantzarik une larrietan, arazoen aurrean,  izaki misteriotsu ahalguztidun bati errezatzeak lasaitasun handia suposatuko diela.  Zerura begiratu eta beste norbaiten esku uztea motxilaren pisua, fedegabeok gure zamarekin aldapa gora jarraitzen dugun bitartean. 
 
Zentzu horretan interes handiz irakurri diat herriko parrokoari egin dioken elkarrizketa. Egia esan, elkarrizketa irakurri aurretik gehiago espero nuen, bere profila interesgarria iruditu zaidalako hasieratik: gaztea, unibertsitatean ikasketa teknologikoak egina baina aldi berean apaizgoan sartua. Apaiz zientziazalea, oximoron hutsa iruditu arren zapore bereziko cocktaila ere izan ziteken, baina ez dut txispa hori topatu. 
 
Elkarrizketa irakurtzen ari nintzela Donjorekin gogoratu nauk behin baino gehiagotan. Urte asko dira Donostiako gotzaitegiko pertsona baten laguntzarekin apostasia egin nuela. Ateo konbentzitua naizenez nire apostasiaren ziurtagiria ongi gordeta dut etxean, unibertsitateko tituluaren ondoan, maila bereko lorpenak balira bezala. Baina Donjorekin gogoratu naukela diot, apostasia egin eta gutxira zubi txikia gurutzatzen ari nintzela auto bat gelditu zitzaidalako parean. Txoferra leihotik oihuka hasi zitzaidan: “Zientifiko! Zientifiko!” oihukatzen zidan nire harridurarako. Donjo zen, noski, eta berehala ohartu nintzen zertaz ari zitzaidan. Atzean auto gehiago zituenez martxan jarraitu behar izan zuen, “enteratu nauk, hitz egingo diagu egin dekenaz!” moduko esaldiarekin mehatxu eginez. Irribarre batekin gogoratzen diat orain pasadizoa, baina elizaren konfidentzialtasunaz zer pentsatua ematen du.
 
Donjok nire apostasia konpondu ez zuenez berdin jarraitzen diat. Horregatik, fase eta desfase arteko anormaltasun berri honetan dugun panorama ikusita gloriosoan fedea jartzea besterik ez zaigu geratzen. Bazekiat, piztia esnatu diat kontu honekin, baina Imanol eta gloriosoarena Monterrosoren dinosauroa bezalakoa da: “esnatu zenean gloriosoa artean han zegoen” esaten hasi beharko gara. Espero ditxosozko birus honetaz ere gauza bera esan behar ez izatea.
 
PD: Literatura beltzaren inguruan, hibrido bat gomendatu nahi diat: genero poliziakoa eta fantasiazkoa, edo Agatha Christie eta marmotaren eguna nahasten dituen liburua: “Las siete muertes de Evelyn Hardcastle”. Ez da oso beltza, eta unetan errepikakorra gerta daiteke, baina freskoa eta desberdina da.
 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide