Kosmopaletoak garela esaten dek, eta Dupond eta Duponten modura, are gehiago gehituko nuke nik, kosmopaleto akonplejatuak gara! Basque izatea euskaldun izatea baino guaiagoa delakoan. Edozein kasutan, ezeren gainetik probintzianoak gara, eta probintzianismo honetan beti Bizkaia nagusi. Zazpiak bat, seirak bat, zenbat gara? bat, bi, hiru, lau, kontatzen/kantatzen digu hire bardo faboritoak, baina, azkenean, zortzi garela dirudi, Kantabriak gurean duen garrantzia ikusita.
Murga ematen digute zaintzarekin, distantzia sozialarekin eta musukoak erabiltzeko beharrarekin, baina goazen denok Kantabriara lehenbailehen. Arratsaldea pasa dezakegu taberna batean jendez inguratuta, baina ez ahaztu musukoa janztea ondoko dendara sartzeko, arriskutsua baita. Hala ere, lasai Kattan, dena kontrolpean dago, edo hori esaten digute behin eta berriz. Nire zalantza da zer den hain kontrolatuta dagoena: pandemia, birusa, ala gu geu. Gero eta itxura gehiago azken honi hartzen diot, gero eta kontrolatuago gaudelako eremu guztietan, eta etorkizunean ere gure bizitzaren kontrola beste batzuen eskuetan egongo delako.
Hire agnostizismoari erremedioa jarri nahi badiok, erlijio berria daukak aukeran, eta ez nauk pastafarismoaz ari, koronabirusaz baizik. Gel hidroalkoholikoa da ur bedeinkatu berria, tabernetako terrazetara erromesaldiak antolatzen ditugu, eta esan beharrik ez dago nor den erlijio honetako apaiza.
Apaizetaz ari garela, nola okurritzen zaik Donjori antikristo deitzea? Hi ezagututa ere atrebentzia galanta! Ikastolan erabiltzen genuen egurrezko erregela eskura izan balu, galanta jasoko huan buruan!
Ni, Donjok esan zuen moduan zientifiko edo ateo konbentzitua izanik, erlijio berri honengandik ihesi nabil, eta horretarako mendia bezalakorik ez dago. Zorionez, Zumaiako inguruak aukera paregabea ematen digu, eta, bertan, musukorik behar ez izateaz gain beti aurkitzen da zerbait berria (lasai Gorka, ez nauk hitaz ari). Atzo bertan, Askizura iristean dozena bat lagun topatu nituen kamerarekin grabazio lanetan. “Akabo!”, pentsatu nuen, “beste pelikula bat!”. Baina ez zen hainbesterako, PNVren hauteskundeetako iragarkia ari ziren grabatzen. Elkarrizketa bat egiteko dozena bat teknikari, onartuko didak Baleiken eskas zaudetela hauen aldean.
Mendiak ere balio ez duela ikusita, hauteskunde kanpainatik ihes egiteko liburutara itzuli beharko gara. Aurrekoan, kuriositatea asetzeko “Gezurren habia” erosi nuen, Zumaiako udatiarra den Jabi Elortzaren azken liburua. Baina nire erosketa zerrendaren top totalean Astiberrik laster argitaratuko duen Bone komikiaren integrala dago, eta hik hereje deitzeko arriskua onartuta, komiki hau Watchmen edo Sin Cityren aldare berdinean jartzera ausartuko nauk. Pasako diat probatzeko, eta bestela, badakik, beti geldituko zaigu Kierkegaard.