Hori dela eta, gure gizartean oihartzun handia duten zenbait esparru aukeratu zituen lantzeko: turismoa, immigranteen komunitatea, feminismoa eta euskal musika. Eta horietan hizpide jarri zituen zein den euskararen egoera, zein erabileraren neurria eta erabilera sustatzeko dauden klabeak.
Hitzaldietan entzun genuen turismoa aldi berean dela euskararentzako aukera eta arrisku, eta oso erne ibili behar dugula turismoak ez dezan gure Zumaia eta Euskal Herria, euskararen herria, País Vasco edo Basque Country bilakatu.
Entzun genuen, halaber, arnasguneetan kanpotik etorritako herritarrak euskarara ekartzeko zenbateko garrantzia duen lanerako bidean euskara azpimarratzea eta kanpotik etorritakoekin harreman sareak indartzea.
Feminismoari buruz pentsatzen, ikasi genuen badirela antzeko argudioak bien artean, eta, horrela, euskaldun izatearen harrotasuna elika daitekeela, geure hizkuntza bazterretik erdigunera ekar dezagun.
Eta azkenik, musika izan genuen oholtza gainean, eta musikari gazteak. Horiek erakutsi ziguten musikak baduela herritarrak euskarara gerturatzeko ahalmena, baduela hizkuntza biziberritzeko zeregina, eta, euskal musikaren unibertsoa txikia izan arren, baduela mundu zabalera jauzi egiteko aukera. Eta guztion harridurarako hogei urte barru euskal kantariak izan izango direla, baina beldur direla entzulerik izango ote duten.
Esan dezakegu hitzaldi guztiek eman digutela zer pentsatua eta zikloaren leloa, Euskara, bestela ez gara, herritarron gogoan indartzeko bidea.
Larrainak hartu duen lantegian egindako debuta, beraz, oso emankorra izan dela esan beharra dago. Entzuleen parte hartzea ere bikaina izan da; izan ere, egin diren ia hitzaldi guztietan bete egin da aretoak eskaintzen zuen foroa. Horrek erakusten du badela Zumaian euskara biziberritzeko zereginean arduratuta dagoen herritar ugari.
Bukatzeko, gure eskerrik beroena adierazi behar diegu orpoz orpo gurekin antolatze lanean izan ditugun elkarteei eta Udalari, eskaini digun babesa eta laguntzagatik, eta hitzaldiz hitzaldi entzule fin izan zaituztegun hainbat eta hainbat herritarri ere berdin. Mila esker! Urte askoan iraun dezala Larrainaren egiteko berri honek; eta segi dezagula herriko euskararen komunitatea sendotzen eta indartzen.