Badator Euskaraldia!

 …Mende erdi bat joan da, joan da ta hor konpon?
Beti toki berean, ezin gintezke egon!

Esazu hitz bat ta sendotuko naiz…
Zu etxerako ta zu kalerako
Jolaserako eta lanerako
Martxan ipini aho ta belarri
Ari entzun, entzun ari...,
dio Euskaraldiaren kantak

Azken hamarkadetan euskararen normalizazio-prozesuan egin ditugun urrats handienak herritar, elkarte, mugimendu eta erakunde ezberdinen elkarlanetik egin dira, eta horrela izango da aurrerantzean ere. Joan da “maite zaitut”en garaia, hitz egiteko garaia da.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu Euskaraldiari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da.

Prestigioa behar du euskarak, elkarlana, hiztunak eta sustatzaileak. Hori dena dakar Euskaraldiak, eta, aurrekoan bezala, oraingoan ere egitasmo eraginkor honekin bat egiten du Larraina Euskara Elkarteak. Ariketa jendetsua izateak garrantzia handia du; izan ere, parte hartzaileen hizkuntza-ohiturak aldatzeko inguruan belarriprest eta ahobizi ugari izatea lagungarria da.

Hori dela-eta, Larraina Euskara Elkarteak dei egiten die zumaiar guztiei bertan parte har dezaten, modu natural eta atseginean. Ilusioa berreskuratu behar dugu, eta Euskaraldi indartsu bat lortu.

Asko gara Zumaian Euskaraldizale, asko ahobiziak eta belarriprestak, eta berebiziko erronka dugu oraingoan ere euskararen erabilera sendotzeko. Etxean eta kalean, jolasean eta lanean ipini ditzagun martxan ahoak eta belarriak. Bete dezagun hilaren 17an Kofradia paparretan txapak jartzeko ekitaldian eta hitz eta pitz jardun dezagun Zumaian euskara sendotu dadin.

Larraina Euskara Elkartea

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide