Euskara, bestela ez gara

Aurreko urteetako bidetik, Euskara, bestela ez gara hitzaldi-zikloa antolatu dugu, Zumaiako Udalak lagunduta, otsailean eta martxoan. Ohi bezala, ertz askotatik heldu nahi izan diogu euskarari: kanpotik eta barrutik, iraganari eta etorkizunari begiratuta, baina betiere euskararen erabileran eragiteko helburuarekin.

Hona hemen egitaraua:

●  Otsailak 15, asteazkena, 18:30ean, Alondegian, mahai-ingurua: “Euskara hizkuntza indigenen artean. Elkar indartzeko aliantzak”. Partaideak: Maialen Sobrino (Ekuadorreko Kitxua herria eta hizkuntzarekin lankidetzan), Paula Laita (Kanadako Tsilhqot'in hizkuntza biziberritze-lanetan lankidetzan) eta Arkaitz Zarraga (Kolonbiako Nasa herriarekin). Ez gara bakarrak: munduan 7.000 hizkuntza inguru daude, eta horietako asko daude euskara bezala, gutxituta; asko daukagu ikasteko elkarrekin eta elkarrengandik, baita elkarri erakusteko ere.

●  Martxoak 1, asteazkena, 18:30ean, Alondegian: “Hizkuntza-eskubideak: teoriatik praktikara”. Partaidea: Agurne Gaubeka (Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria). Ezagutzen al ditugu gure eskubideak? Zein dira? Zer egiten dugu urratzen dizkigutenean? Nola jokatzen dugu eta nola jokatu beharko genuke?... Gogoeta egiten eta eragiten ahaleginduko gara.

● Martxoak 22, asteazkena, 18:30ean, Alondegian: “Natura, kulturak eta hizkuntzak: zergatik eta nola bihurtu garapen jasangarriaren helburu?”. Partaideak: Leire Barriuso (Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea) eta Mikel Mendizabal (Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO katedrako kide eta 17+1 Helburuen ekimenaren sustatzailea), Ana Galarragak (zientzia dibulgatzailea, Elhuyar) bideratuta. Asko hitz egiten da garapen jasangarriaz eta 2030 Agendarako Nazio Batuen Erakundeak jarritako 17 helburuez. Euskal Herrian, ordea, beste bat gehitu nahi izan diogu: hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren babesa eta bermea ziurtatzea. Hori nola landu ikastetxeetan edo ingurumenean? Zergatik eta nola gizarteratu garapen jasangarriari lotuta naturak, kulturek eta hizkuntzek daukaten ezinbesteko garrantzia?

● Martxoak 29, asteazkena, 18:30ean, Aita Mari zineman: Elbira Zipitriaren gaineko Elbira dokumentala eta Anti pelikula laburra. Iraganari begirada bat: euskaraz egiteko debekuak eta barne-gatazkak, eta urte gogorrenetan euskararen sua piztuta eduki zutenei omenaldia.

Parte hartzera gonbidatu nahi ditugu Zumaiako euskaltzale guztiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide