Hona hemen irakurritako testua:
Zumaiarrok euskaraz gara! Euskaldunoi erasorik ez!
Zumaia herri euskalduna da eta zumaiarrok euskaraz bizi nahi dugu. Euskaraz bizitzea, ordea, ez da erraza, eta ahalegina eskatzen du, gogo eta borondate handia; zumaiar asko gara horretan saiatzen garenak egunero, gauden tokian gaudela ere: etxean, kalean, lanean... Baina zailtasunak eta oztopoak asko eta handiak izaten dira, beste hizkuntzek (gaztelerak, batez ere) indar handia dutelako; horregatik, euskaldunok eta zumaiarrok babes- eta laguntza-neurriak behar ditugu euskara oraindik egoera zaurgarrian dagoelako.
Zorionez, erakundeek neurriak hartzen dituzte euskaldunok babesteko eta euskara bultzatzeko, euskarari lehentasuna ematen diote, eta euskaraz bizitzeko aukera bermatzen ahalegindu; baina, horretarako, borondatea ez ezik, legearen babesa eta anparoa ere beharrezkoak dira, borondate hutsa ez delako nahikoa. Baina azkenaldian egurra egurraren gainean jasotzen ari gara: Irun, Gasteiz, Barakaldo… Hizkuntza-eskakizunak, lanpostuak… Azkena, eta larriena, Espainiako Konstituzio Auzitegiarena izan da, Udal Legearen aurkako epaia ematea eta euskara hutsean aritzeko aukera moztu nahi izatea; baina epaia beste joera baten adierazle ere bada, urrunago joan nahi du: euskararen ofizialtasuna bera jartzen du kolokan, gaztelaniaren nagusitasuna aitortu eta indartu nahi du.
Eraso hori ez da lehena, eta ez da azkena izango, baina euskararen eta euskaldunon aurkako oldarraldia ezin dugu normaltzat jo, ezin gara horretara ohitu, eta are gutxiago ametitu. Eraso horiek oso larriak dira eta ezin ditugu onartu. Horrelako epaien berri izandakoan, sentimenduak pilatzen zaizkigu: kezka, amorrua, haserrea, ezinegona… Baina horiekin batera, euskaraz bizitzeko nahia eta gogoa indartzen zaigu, eta horretarako direnak eta ez direnak egiteko prest gaude. Borondate horrek ekarri gaitu hona, eta horrek bultzatzen gaitu euskaraz bizitzen jarraitzera.
Argi adierazi nahi dugu hemen, Zumaian, badagoela herri bat euskaraz bizi nahi duena; eta, ez Konstituzionala, ez beste epaileak, ez direla nor guri esateko zein hizkuntzatan bizi behar dugun. Horregatik, gure babesa, laguntza eta indarra adierazi nahi diegu euskaraz bizitzeko ahalegina egiten duten erakundeei, eta bereziki Zumaiako Udalari. Eta eskatu nahi diogu euskara lehenesten, babesten eta indartzen jarraitzeko eta zumaiarron euskaraz bizi nahian laguntzeko. Horretan gure laguntza izango du.
Azken epaiaren aurrean, herrietan mobilizazioak izan dira: Zarautzen, Mutrikun, Bergaran… Eta gu hemen elkartu gara, Zumaian ere bat egin nahi izan dugulako eta erakutsi asko garela eta prest gaudela lanerako, euskaraz bizitzeko.
Azaroaren 4an ere hitzordua daukagu, Bilbon, Kontseiluak manifestazioa deitu duelako, eta agian bitartean izango dira berriz ere elkartzeko motiboak. Hemen izango gara, elkarrekin, berriz ere.
Euskaldun izatea nekeza da, baina euskaraz bizi nahi dugu, euskaldun izan nahi dugu. Zumaia euskaraz da, eta prest gaude lanerako, etorkizunean ere horrela izateko.