'Euskara, bestela ez gara' solasaldi zikloa, datorren astetik

Iazko solasaldi zikloko irudi bat.

Aurreko urteetako bide beretik, Euskara, bestela ez gara hitzaldi-zikloa antolatu dugu, Zumaiako Udalak lagunduta, otsailean eta martxoan, aurten Korrika ere tartean dugula, gainera.

Ohi bezala, ertz askotatik heldu nahi izan diogu euskararen gaiari, baina betiere euskararen gainean hausnartu eta erabileran eragiteko helburuarekin.

Hona hemen egitaraua:

  • Otsailak 7, asteazkena, 18:30ean, Alondegian, mahai-ingurua: Zumaiako haurrek euskaraz. Ikerketen emaitzak eta interpretazioak”. Partaideak: Jaime Altuna (EHUko irakaslea), Ibon Manterola (EHUko irakaslea eta Larrainako kidea) eta Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterrekoa eta Larrainako kidea). Zenbateraino egiten dute euskaraz Zumaiako haurrek? Adin-tarte guztietan berdin egiten dute? Zein dira gakoak euskaraz egiteko?... Ikerketa batzuk eginak ditugu dagoeneko, eta ondorio batzuk aterako ditugu.
  • Otsailak 21, asteazkena, 18:30ean, Alondegian, mahai-ingurua: “Adimen artifiziala, euskararentzat erronka”. Partaideak: Xabier Arregi (EHU-Hitz zentroa, IXA taldea) eta Itziar Cortes (Elhuyar), eta gidari Olatz Arregi (EHU-Hitz zentroa, IXA taldea eta Larrainako kidea). Adimen artifiziala errealitatea dugu dagoeneko, eta euskara ezin da atzean geratu. Non eta nola gaude gaur egun? Zer aukera sortuko zaizkigu? Zer erronka dauzkagu etorkizunerako?
  • Martxoak 6, asteazkena, 18:30ean, Alondegian, mahai-ingurua: ”Futbol-mundua eta euskara”. Partaideak: Jagoba Arrasate (Osasunako entrenatzailea), Arritxu Iribar (Euskadi Irratiko esataria) eta Maitane Urbieta (Euskadi Irratiko esataria). Nola bizi eta uztartu futbola eta euskara? Mahai-inguruko hiru partaideak euskaldunak eta eskarmentu handikoak dira; badaukate zer kontatua eta badaukagu zer ikasia.
  • Martxoak 20, asteazkena, 18:30ean, Aita Mari zineman: Bizkarsoro Bertan izango da Josu Martinez, pelikularen zuzendaria, eta solasaldia ere izango dugu. Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke; bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira, eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira; 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma,, bost hamarkadatako kontakizuna dira.

Parte hartzera gonbidatzen zaituztegu Zumaiako euskaltzale guztiok.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide