2019ko aurrekontuak aurrera ateratzeko, Udal gobernuak begi onez ikusten ez dituen bi proposamen onartu behar izan dituela aipatu du alkateak. Proposamen horietako bat Udazaintza zerbitzua zuzenean Udalak antolatzea da. Zerbitzu horren antolakuntzan gurasoen partehartzeari buruz egiten duen aipamenaren aurrean, Zumaiako Herri Eskolako Lubaki Guraso Elkarteak (aurrerantzean L.G.E.a) bere iritzia aditzera ematea erabaki dugu.
Udazaintza zerbitzua da Aita Mari eraikinean HH2ko haurrentzat uztailean antolatzen duen zaintza zerbitzua. 2016. urteaz geroztik L.G.E.ak antolatu izan du.
2015. urtean, EH Bilduren agintaldiko azken urtean, Udalak antolatu zuen eta erabiltzaileen aldetik balorazio positiboa jaso zuen. Hurrengo urtean, EAJ agintera pasa zenean, Udalak ez zion jarraipenik eman aurreko urtean martxan jarritako zerbitzuari, HH2ko haurrak udaleku irekien formatuan sartzea pedagogikoki desegokia zela argudiatuz. Adin horretako umeen beharrei hobeto erantzuteko, L.G.E.ak beste formatu bat sortzea proposatu zuen, baina Udalaren ezezkoa jaso zuen eta hala, Udalak ez zuen zerbitzua bere gain hartu.
Horren aurrean, eta herrian zerbitzuaren beharra ikusirik, L.G.E.ak HH2ko haurren gurasoekin bilera bat antolatu zuen zerbitzuaren nondik norakoak azalduz. Oinarria hauxe zen: Haur Hezkuntzako ikasketak zituzten pertsonak kontratatuta, haurren garapen naturala errespetatu eta beharrak asetuko zirela (pardelak, txupetea, lo kuluxka, atxikimendua, jolas egokiak,...). Gurasoen adostasuna jasota, L.G.E.ak bere gain hartu zuen zerbitzuaren antolakuntza eta Udazaintza izena jarri zion, udaleku irekietako formatutik bereizteko.
Udalak Aita Mari eraikineko instalakuntzak erabiltzeko baimena eman zuen, garbitasuna bere gain hartu zuen eta L.G.E.a ludotekako arduradunarekin harremanetan jarri zen hango nahiz udalekuetako materiala erabili ahal izateko, baina Udalak diru-laguntza ukatu egin zuen. Ekainean urtero egiten dugun eskolako festan, urte horretan lortutako diruaren zati bat Udazaintzaren antolakuntzak sortutako gastuak ordaintzeko erabili behar izan zuen L.G.E.ak.
Hurrengo urtean ere, 2017an, Udalari berriz galdetu genion ea Udazaintza antolatuko zuen. Erantzuna berdina izan zen: ezezkoa. Pedagogikoki ez zela egokia eta ekintza ludikorik ez zuela sustatu nahi, izan ziren udal agintarien argudioak. Baina oraingoan, 2016an ez bezala, Udazaintza diruz laguntzeko prest azaldu ziren.
2018. urtean Udazaintza ez antolatzeko, arrazoi teknikoak ere argudiatu zituen Udalak. Udaleku irekien antolakuntzak “baliabide guztiak agortzen dituelako”, eta horregatik ezin zutela Udazaintza antolatu.
Honetaz gain, Udalak orduan aipatu zuen L.G.E.ak Udazaintza zerbitzuaren formula egokia asmatu zuela eta aurrerantzean horrela jarraitu nahi zuela Udalak. Hain zuzen ere, hitzarmen bat sinatuarazi zion L.G.E.ari: “Zumaiako Udalaren eta Lubaki Guraso Elkartearen arteko hitzarmena” (2018ko apirilaren 17an sinatua). Han argi idatzita daude zeintzuk diren Udalaren eta L.G.E.aren betebeharrak Udazaintza zerbitzuaren antolakuntzan.
Udalaren betebeharrak ondorengoak dira: instalakuntzak utzi, gela garbitu, udaleku nahiz ludotekako material didaktikoa eskaini eta diruz lagundu.
L.G.E.aren betebeharrak ondorengoak dira: Udazaintza zerbitzua antolatu Udalak ezarritako baldintzetan, alegia, zerbitzua hedabide nagusietan iragarri, inskripzio orriak prestatu eta banatu, aurrekontua aurkeztu, hezitzaileen curriculumak bildu, hezitzaileak elkarrizketatu, aukeratu eta kontratatu, hezitzaileekin eta gurasoekin elkartu, Dirulaguntza Bermatzeko Errenta (DBE) kobratzen duen familiaren bateko umerik badago haren kuota bere gain hartu (kontratatzailea L.G.E.a denez Udalak ezin duelako kostu hau bere gain hartu), zerbitzuak irauten duen bitartean sor daitezkeen ezustekoei aurre egin eta zerbitzuaren bukaeran memoria aurkeztu (jardueraren nondik norakoak, izandako gastu guztien fakturak eta agiriak eta izan dituen diru sarreren xehetasunak azalduz), besteak beste.
Hau dela eta L.G.E.a ez dator bat alkateak ondokoa esan duenean: “Udazaintza zerbitzua Udalak finantziatzen du bere gestioan gurasoak inplikatzen direlarik, dena Udalaren esku laga gabe. Gurasoen inplikazioa bilatzen da umeak ere balore hauetan hezteko eta herritarrak inplikatzea bultzatzen da”.
L.G.E.a inplikatu baino gehiago egin da zerbitzu honetan eta hau horrela izan da Udal gobernuak ez duelako zerbitzu hau antolatzeko asmorik azaldu 2015ean agintean jarri zenetik.
Zumaiako Herri Eskolako Lubaki Guraso Elkartea