Bideobirusa

Erabiltzailearen aurpegia Marixi Sesma 2020ko urr. 2a, 10:05

Bat-batean, zezenak harrapatu gaitu eta ikusten ari gara benetan garrantzia izan behar duten eta funtsezkoak diren gaietan ez gaudela prestatuta, beste behin. Eta ez COVID-19a azaldu delako; izan ere, honek agerian jarri du soilik, eta zalantzan ipini, ea benetan gizarte “garatua” garen.

XXI. mendeko bigarren hamarkadan, inork espero ez zuenean, birus batek mundua gelditu zuen. Eta “hurrengo egunean”? Bada, diotenez, pixkanaka “normaltasunera buelta”. Baina “buelta” ziurgabetasun galantarekin, eta “normaltasun” hori birdefinitu egin behar. Beraz, edo gauzak aldatzeko aukera aprobetxatzen dugu, edo ez dugu barkamenik etorkizunean izango diren begientzat.

Hala, kulturaren mundua ere geratu zen; zuzeneko musikak isiltzeaz gain, antzerkiko oihala ere erori egin zen, zineak itxi eta dantzariek dantzatzeari utzi zioten. Ezagutu duguna kostako zaigu berriro ikusten; horrek ez du esan nahi, ordea, kultur egitasmoak eta jarduerak ezin direnik egin eta martxan jarri. Ohiturak aldatzeko edo egiten zirenak berrikusteko garaia dugu aurrerantzean.

Eta bitartean COVID-19ak berarekin ekarri duen bideobirusak sareak (sozialak) gainezka jarri ditu. Birus hau bai sartu dela isil-isilik etxe guztietan; bideo batzuk xelebreak, baina, orokorrean, ekarpen gutxi. Gainera, eta tristea da, badirudi bertan ez dagoena ez dela existitzen, edo okerrago, ez duela lanik egiten.

Kultura gizartea birbideratzeko beharrezkoa da; artisau baten moduan, denbora eta energia asko behar dira proiektu bikainak egin ahal izateko… ”konfinamenduko” ordu asko pasa behar izaten dira bestela ere, eta ez COVID-19 honen garaian bakarrik.

Milaka haur eta gazte egon dira etxeetan. Norbaitek pentsatu al du horiengan eta irrati-telebistako programazioa egokitzea, adibidez? Ez “eskolako lanari gehitzeko”, baizik eta dokumentalak, pelikulak, kontzertuak… KULTURA, HEZKUNTZA, ZIENTZIA duten edukiak. Esaterako, hedabideetako kirol atalek berdin jarraitu zuten, nahiz eta guztia geratuta zegoen (gauza guztiak bezalaxe); ea liga noiz bueltatuko zen, torneoak atzeratuko zirela, kirolariek zertan eta nola pasatzen zuten denboraren berri emanaz (batez ere, azken urteetako erlijio berria bihurtu den futbolarekin zerikusia zutenak). Ez zitzaion (eta zaio) inori bururatzen agian albisteetan fundamentuzko kultura-atal bat sortu behar denik “irakurri hau, entzun hau” esanaz.

Martxa honetan algoritmoek laster ordezkatuko dituzte konposatzaileak eta musikariak, eta nahikoa izango dute Britney Spears gainditzea Tchaikovskyrekin hasi aurretik, Yuval Noah Hararik dioen bezala. Bideobirusa dugu adibide.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide