IRITZIA

Ze 'cool' garen!

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Galarza Bastida 2024ko urt. 19a, 11:25

Mireia Galarza Bastidak 2023ko abenduko Baleike aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua.

Ohitura dut hurrengo egunean jantziko dudan outfita aurreko gauean prestatzeko, esnatu eta nahikoa inspiratuta egongo ez naizen beldurrez. Banoa autora, eta irratia piztuta Spotifyn momentuko trendak erreproduzitzeko gomendatzen dit aplikazioak. Pentsatzen dut: ados, ea zer eskaintzen didan. Lehenengo kantua, Madrid City; bigarrena, Baby Hello; hirugarrena, Me gusta tu flow. Ene bada, larunbat iluntzetako parrandetan konturatu ere ez abesti horiek horrela izena dutenik. Irratia jarri dut, astelehen goiz horretako mood-a aldatzeko asmotan, eta tira, NEOMAKen Aioiai. Hobeto.

Lanera iritsi, eta iruzkina: "Ikusi al duzue zer den trending topic?" Ene…. Ez nintzen gogoratzen, Black Friday da aste honetan! Landu beharko genuke gai hori? Erabakita, ez digu denbora ematen gaia sakon eta luze ukitzeko. Dena den, beste brainstorming pixka bat egin behar… Zer izan daiteke aproposa aste honetarako? Streaming bidez kontzertu hau eman dezakegu? 

Bazkaldu, eta 17:00ak aldera etxera, beste lan pixka bat egin ondoren. Bidean, kanpoan bizi den lagun minari deitzeko aprobetxatu dut. Gai random pila bati buruz hitz egin eta gero, berak esaten dit: "Ez dizut spoilerrik egin nahi, baina ikusi duzu The Hunger Gamesen azken filma?". Ez, egia esateko ez dut ikusi. 

Sare sozialei astindu bat eman influencerrek saldu nahi didatenari erreparatuz, eta mugikorra uztera noala, hausnarketa mezua, erderaz: "Guk lan asko egiten dugu, eta nazkatuta gaude haterretaz. (…) Nik jada ikasi dut zeintzuk diren red flagak honetan! Ez dut edozer onartuko!". 

Horrelako hitzak erabiltzen jarrai nezake nire edozein egun azaltzeko, inguruan dozenaka ditugulako: match, lol, crush, hype, cringe, beef… Ni naiz lehenengoa horietako batzuk erabiltzen dituena. Hala ere, saiatu nire testua berriro irakurtzen, eta egin kanpoko esamolde guzti horiek euskarazko hitzekin ordezkatzeko ariketa. Egin daiteke, edozeinek egin dezake. Gure esku dago kanpotik datozen hitz horiekin elkarbizitzen ikastea, gureari baliorik ez kentzeko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide