Nahi eta ezin?

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Galarza 2024ko aza. 16a, 10:14

Emakume bat korrika egiten.

Mireia Galarza Bastida kazetariak urriko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako artikulua da honakoa.

Badaramatzat urte batzuk gimnasioko ikastaroetara joaten, eta iraila amaiera eta urria hasiera bihotzeko bat emateko moduko garaia izaten da. Beti egin izan dut kirola, baina horietan izena ematea erabaki nuen bakarka kirola egitea askotan aspergarria egiten zitzaidalako, eta beno, behin esaten hasita, ez nekielako gorputza modu orekatuan lantzen ari nintzen edo ez.

Ikasturte hasiera etorri zen artean, eta urtero denok egin ohi dugun moduan, helburuak jarri nizkion nire buruari. Horietako bat, fin-fin astero kirola egitea, dakien norbait alboan edukita.

Behin kiroldegiko ikastaroetan hasita, hasieran bizikleta probatu nuen, spinning hobeto esanda, eta pare bat urte igaro nituen bertan. Dena dela, egiari zor, ez zitzaidan asko gustatzen, ingurukoekin harreman askorik egiteko tartetik ez zidalako uzten. Gerora, berriz, total training probatu nuen, eta bertan bai, nire lekua hori zela konturatu nintzen, pareko zerbait bilatu nuela. Astean bitan, denetik egiten genuen, bai ariketa aerobikoak eta bai indarrari zegozkionak ere. Klase ondoren trago bat edo beste ere hartu izan dugu.

Zein da, baina, arazoa? Nire ustez aparra bezala igo dela kirolzaletasuna pandemiaz geroztik, eta ona da hori, noski; dena dela, ikastaroetan eragina du horrek. Iraila amaieran izena eman eta ikasturte osorako plaza tokatzea ia-ia loteria tokatzearen parekoa da, eta niri aurten ez zait tokatu. Itxaron zerrendan hirugarren nago, baina ezin jakin norbaitek ezetz esango duen edo ez. Eta ezetz esaten badu ere, noiz gertatuko den hori. 

Gertaera horrek hausnarrarazi egin dit. Zergatik itxaron behar dut norbaitek ezetz esan eta kirola egiten hasteko? Zergatik izan behar du leku konkretu batean? Zergatik ariketa mota batzuk bakarrik? Bai, ikasketaz komunikatzailea naiz, eta ez dauzkat irakurrita kirolari buruzko zientoka liburu, baina ikasiko dut pixkanaka-pixkanaka nola egin kirola neure erara, elikadurarekin egin dudan bezala. Laguntzarekin ikasi dut eguneroko platera nola osatu behar dudan, eta kirol arloan ere ikasiko dut zer den nire gorputzarentzat komenigarriena. Gustuko lekuan aldaparik ez, dio esaerak.

Beraz, erabakita daukat. Ohitura bereganatuta, gehiago edo gutxiago, lanetik irtendakoan edo esnatu berritan, saiatuko naiz nire helburuak betetzen. Ikasturtea igarotakoan kontatuko dizuet zer moduz moldatu naizen! Bitartean, gogoratu kirola, estetikaz harago osasuna ere badela, eta zuk zeuk jartzen dizkiozula zure buruari helburuak! 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide