Zure esku, irakurle

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Galarza 2023ko eka. 30a, 13:45

2.500 karaktere. Horiek idatzi behar ditudala esan zidan aurrekoan lankideak iritzi honetarako. Ondoren datoz zalantza pila bat. Zeri buruz idatzi behar dut nik? Ba al dut orri osoa betetzeko moduko iritzi eta gai mardulik?

Mardula izan edo ez, garbi dut gaur egun iritzia ematea erraza eta konplikatua dela aldi berean. Ausarta izan zaitezke iritzia ematen baduzu, baina lotsagabea ere bai oso argia bazara. Iritzia ez ematea, aldiz, koldarkeria ariketa bat izan daiteke batzuentzat, eta zentzudun jokatzea besteentzat.

Ez dakit zuk, irakurle, baina nik hanka puntetan esaten dut askotan irizten dudana. Intentzio txarrik gabe bada ere, gaur egun ezin da iruzkinik egin kalean doanak jantzita daramana ez bazaizu gustatzen edo zure lagunak begi zuloak dituenean nekatuta dagoen galdetzen badiozu. Gauzak zer diren, ordea, ona esatea ere izugarri kostatzen zaio homo sappiensari. Lotsatu egiten gara bestearen liburua irakurri eta izugarri gustatu zaigula azpimarratu nahi diogunean nahiz jantzitako kamisetaren koloreak ezagunaren aurpegian distira egiten diola aitortzean.

Hori guztia, fisikoki bata bestearen aurrean gaudenean. Zer gertatzen da, ordea, ezezagunez osatutako artalde baten zati garenean? Internetak onura asko ekarri ditu, baina baita albo kalte dezente ere, eta iritzia emateko gehiegizko aukera izatea da horietako bat. Izan ere, guztiek maskara zuriak janzten dituzten momentutik, dena lausotzen da. Izan zaitezke 12 urteko ume bat edo 80ko adineko bat, baina guztiena da abiapuntu bera iritzia ematerako orduan. Pertsona konkretuekin sar zaitezke, berari egin diezaioken mina inondik inora kontuan hartu gabe. Ezin dugu ahaztu, gainera, edozeini gerta dakiokeela hori, baita zeuri ere, irakurle.

Nire helburua ez da etika lezioak ematea, ezta gutxiago ere. Hala eta guztiz ere, honi neurria hartu behar dugulakoan nago, bai alde batetik eta bai bestetik. Ona esan beldurrik gabe, eta ez hain ona batzuetan onartu. Txarra esaterakoan ondo pentsatu, eta ona entzundakoan eskertu.

Eta bai, irakurle, kontziente naiz lehen orria ireki eta nik, ataleko izenak dioen moduan, nire korapiloa adierazi dizudala. Izan ere, ez dakit testu honetako hitzak ez ote diren gehiago irudipenak pentsamenduak baino. Iritzia ematera ohituta ez nagoelako gertatuko zait hori, erosoago sentitzen naizelako hurrengo orrialdeetan irakurriko dituzuen kazetaritza testuak idazten, besteen bozgorailu izaten. Tira, nahi ala ez, aurrerantzean hemen ikusiko nauzu, baita hurrengo orrialdeetan ere. Nik kontatuko dizkizut gauzak, eta zure esku, irakurle, irakurri nahi nauzun erabakitzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide