Zumaiena hezkuntza-proiektua aurkeztu da Bartzelonan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiena Ikastetxea 2023ko mar. 20a, 12:24

Caixa Forum erakundeak konferentzia eta eztabaida ezberdinak antolatzen ditu hezkuntzaren inguruan. Horien artean “ETORKIZUNEKO HEZKUNTZA ZENTROA” izeneko konferentzia saioa izan da martxoaren 15ean Bartzelonako Palau Macaya eraikinean, eta Kataluniako Hezkuntza munduko profesional ugari bildu dira bertan.

Hezkuntza eta arkitektura munduko lau profesional gonbidatu dituzte konferentzia horietan parte hartzeko, besteak beste Vicente Guallart arkitekto famatua, Esteve Juanola Hezkuntza Ikuskaria eta Cristina Guijosa hezkuntzako espazio berrietako sustatzailea. Kataluniatik kanpoko esperientzia bat ere eramatea zuten helburu, eta Isaak Aranberri izan da bertan, Zumaienako ordezkari bezala.

Nola ulertzen ditugu Hezkuntza Zentroak? Nola molda daitezke kanpo eta barru espazioak kalitatezko ikaskuntza inklusibo eta justua bideratzeko? Galdera hauei eta antzeko beste batzuei erantzuna ematen aritu dira parte hartzaileak.

Zumaiena-ko hezkuntza proiektua aurrera daramagun guztiontzat ohore bat da horrelako ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena jasotzea. Azken urteetan, ikaskuntza prozesuen inguruan izandako ikerketa zientifiko ezberdinetako emaitzetan oinarriturik, gure eskola egiteko moduan eraldaketa handiak ari gara jartzen abian, esfortzu eta lan handiz. Euskal Herriko eskola txiki bateko hezkuntza proiektua aurkezteko gonbidapena benetako saria da guretzat eta, gure txikitasunean, lanean jarraitzeko indarra ematen digu.

Kataluniatik jasotako gonbidapena aprobetxatuz, bertako eskola ezberdinak ezagutzeko aukera izan dugu, jardunbide egokien saretzea sustatuz. Kataluniako gizarte, hizkuntza eta kultura errealitateekin esperientziak partekatuz, gure proiektua ere indartzeko aukera paregabea aurkitu dugu.

Gauza txiki asko elkarturik gauza handiak lortzen direla esan ohi da, eta bide horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere. Momentu honetan ere ZUMAIENA HEZKUNTZA PROIEKTUA aberasten jarraitzeko lanean gabiltza buru-belarri ilusioz beterik, ikasle, familia eta inguruko hainbat gizarte-eragilerekin betera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide