Euskal Herrian euskal dantzak dira dantza tradizionalak. Garai batean dantza horiek ziren jaietan eta ekitaldi ofizialetan dantzatzen ziren doinu bakarrak. Ez zen besterik ezagutzen. Gaur egun, ordea, dantza horiek folklorearen parte bezala ikusten ditu jende gehienak; euskal kulturaren parte bai, baina egungo festa giroan protagonismoa galdu dutela eta gero eta urrunago sentitzen direla esan daiteke.
1891-1894 bitarteko Zumaiako udal akta liburuetan, plazako dantzaldietara doinu eta dantza berriak gehitzen hasi zirenean sortutako egoeraren berri ematen duten dokumentuak aurki ditzakegu. 1891. urtean jadanik, Zumaiako plazan egiten zen dantzaldian ez ziren euskal dantzak bakarrik dantzatzen. Atzerritik iritsitako doinuek tarteka protagonismoa hartzen zutela dirudi. Besteak beste, zumaiarrak, bals doinuak dantzatzen hasi ziren.
Aldaketak, ordea, beti izaten dira eztabaidagai; batzuentzat onargarriak eta beste batzuentzat onargaitzak. Antza denez, Zumaiako alkatetzari ez zitzaizkion onargarriak iruditu dantza berri hauek eta 1891ko abuztuaren 13an bando bat kaleratu zuen “prohibiendo el vals y otros bailes que no sean peculiaren y propios del pais, en las plazas y sitios públicos de este término municipal”. Orduan Tiburcio Beobide zen Zumaiako alkate; bera izan zen dantzaldietan atzerriko doinuak debekatzeko neurriaren sustatzaile nagusia. Dantza horiek Zumaiako izaerarekin ez zetozela bat eta ez zeudela herriko ohiturei egokituak argudiatu zuten.
Neurri berria betetzen ez bazen, debekatutako doinuak dantzatzen zituztenak isun batekin zigortuko zituztela erabaki zen. Horrela gertatu zitzaion herriko gazte talde bati, 1892ko urtarrilaren 6an herriko plazan bals doinuak dantzatzeagatik bakoitzari 5 pezetako isuna jarri zietenean. Isuna jaso zutenen artean Pedro Linazisoro zegoen. Honek, egoera berriarekin eta jarritako zigorrarekin ados ez zegoenez, Gobernadore Zibilaren aurrean errekurtsoa jartzea erabaki zuen.
Garai hartan Patricio Aguirre de Tejadak zuen kargu hori eta, antza denez, Zumaiako alkatetza ez zegoen honen sintonia politiko berean. Udalbatzarrak 1892ko maiatzean jaso zuen Gobernadore Zibilaren erantzuna, Pedro Linazisorori arrazoia emanez. Honen iritziz, Udalak ez zuen dantzen inguruko araudia egiteko eskumenik. Norbanakoaren askatasunaren kontrako neurri gisa ikusi zuen Gobernadore Zibilak, eta bere ikuspuntutik balsa zilegizko dantza zintzoa zela azaldu. Beraz, Zumaiako alkatetzak hartutako neurria legez kanpokoa izan zela adierazi eta ezarritako zigorra eta araua atzera botatzeko agindua eman zuen. Udalak Gobernadore Zibilaren eskaera onartu eta bete zuen, baina kontua ez zen hemen bukatu...
Hilabete gutxi batzuk besterik ez ziren igaro Udalbatzarrean Herriko Plazan dantzatzen ziren doinuen inguruko gaia berriro jorratu zenean. Abuztuaren 1ean Beobide Alkateak berriro jarri zuen gaia mahai gainean, oraingoan, dantza berri hauek moralitatearen eta ohitura onen lotsagarri eta iraingarri zirela argudiatuz. Hau horrela, Udalak bando berri bat kaleratzea onartu zuen, herriko plazan eta leku publikoetan emakume eta gizonezkoen artean helduta dantzatzea debekatuz, eta arau berriari muzin eginez gero isunak jarriko zirela adieraziz. Oraingo honetan, udal araudiak Diputazioaren babesa jaso zuen.
Arauak arau eta debekuak debeku, Zumaiako plazan balsa dantzatzen jarraitu zen. Horren adierazle da 1893an neska talde batek jaso zuen isuna. Horien artean Remigia Olaizola zegoen. Honek, Pedro Linazisorok egin zuen bezala, Gobernadore Zibilaren aurrean errekurtsoa jarri zuen. Oraingoan ordea, Gobernadorea Udalaren alde jarri eta errekurtsoa atzera bota zuen. Dirudienez, balsa dantzatzearen kontuak kutsu politikoa zuen atzean... Aurreko urtean ez bezela, Zumaiako Alkatetza Aguirre de Tejada Gobernadore Zibilaren politikara gerturatua zen eta sintonia onean zeuden.
Zumaiarrek ez zuten amore eman eta balsa dantzatzen jarraitzeaz gain, beren kexak ministeriora bideratu zituzten. Dantzen inguruko desadostasunak 1894ko otsaila arte iraun zuten. Urte horietan gainera, herriko gaia zena Probintzian ere eztabaidagai bihurtu zen. Garaiko prentsan izan zuen oihartzunari erreparatuz, gipuzkoarren artean zalaparta handia sortu zuen gai bat izan zela dirudi. Horren adibide dira urte horietako prentsan, gai honen inguruan, behin baino gehiagotan azaltzen diren idatzi eta iritziak.
Azkenean, ministroak debekuaren kontra egin zuen eta Zumaian balsa dantzatzea legezkoa bihurtu zen.
Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)